Munduko aizkolari azkarrena nor den erabakiko da igande eguerdian Tolosan

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 19a

Munduko txapeldun den Lawrence O'Toole australiarra ere Tolosan izanen da.

Mundu osoko 16 aizkolarien artean, Arantzako Donato Larretxea, Sunbillako Felix Etxeberria eta Leitzako Ruben Saralegi eta Jon Rekondo izanen dira eskualdeko ordezkariak

Aizkolari Azkarrena Munduko Aizkolari finala jokatuko da otsailaren 21ean, igande eguerdiko 12:00etan Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ez zezen plazan, hasieran iragarri zuten bezala. Mundu osoko 16 aizkolari izanen dira lehian, tartean Munduko txapeldun den Lawrence O’Toole australiarra.

 

Munduko txapeldunaz gain, Italiako Paolo Vicenzik, Suitzako Chirstophe Geissler-ek, Frantziako Pierre Puybaret-ek eta Espainiako Jon Rodriguez segoviarrak osatuko dute nazioarteko partaidetza.

Hegoaldeko lau herrialdetako txapeldunak ere (Iker Vicente Nafarroan, Aitzol Atutxa II Bizkaian, Arkaitz Jauregi Araban eta Iñaki Azurmendi Gipuzkoan) lehian izanen dira eta Arantzako Donato Larretxea ere gonbidatu dute. Hauez gain, jokatutako kanporaketetan finalean izateko eskubidea lortu dute Sunbillako Felix Etxeberriak, Leitzako Jon Rekondo eta Ruben Saralegik eta Joseba Otaegi, Eneko Otaño eta Luis Txapartegi gipuzkoarrek.

Kanporaketa bidez erabakiko da lehia, final zortzirenetatik zortzi aizolari pasatuko dira final laurdenetara eta hortik, lau onenek jokatuko dute finala. Kanporaketa bakoitzean, 54 ontzako bina enbor moztu beharko dute ahal bezain abudo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun