Nafarroako Herri Kirol Jokoak igandean hasiko dira Iruritan

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 19a

Gaztetxoak arpanan, Igantzin jokatu zen 2014ko finalean.

Igantzi eta Baztango Basaburua eta Baztan Herri-Rugby kirolak izanen dira eskualdeko ordezkariak aurten ere

Nafarroako Herri Kirol Federazioak herri kirol jokoak antolatu ditu bertze urte batez, 11 eta 16 urte arteko neska-mutikoei zuzendua. Otsailaren 21ean Iruritan hasi eta martxoaren 20an Berriozarren jokatuko diren finalak bitarte, herriz-herri proba konbinatuetan eta sokatiran hainbat  gaztetxo ibiliko dira. 

 

Iruritako lehen saioaren ondotik, otsailaren 28ko bigarren jardunaldia Ororbian, martxoaren 6eko hirugarren jardunaldia Etxarri Aranatz edo Arbizun eta martxoaren 13ki laugarren jardunaldia Larraintzarren eginen dituzte, finalak baino lehen.

 

Parte hartzaileak

Guztira hiru kategoria izanen dira: kimuen mailan (2004 eta 2005 urteetan jaiotakoak) konbinatuetan bakarrik ariko dira eta Berriozar A, B, C eta D, Igantzi A eta B, Andra Mari (Etxarri Aranatz), Ondatz (Etxarri Aranatz), Beriain (Etxarri Aranatz), Andia (Etxarro Aranatz) Baztango Basaburua, Baztan Herri Rugbi kirolak, Urbasa, Aizkorri (Altsasu), Artzanegi (Ibero) eta Araxesek (Araitz Betelu) parte hartuko dute.

Haurretan (2002 eta 2003an jaiotakoak) konbinatuetan eta sokatiran ariko dira. Proba konbinatuan Berriozar, Basaburua, Andra Mari (Etxarri Aranatz), Leziza (Etarri Aranatz), Utzubar (Etxarri Aranatz), Iñigo Aritza (Altsasu), Baztan Herri Rugbi Kirolak eta Arartziri (Araxes, Igantzi eta Artzanegiren artean aterako duten taldea) ariko dira. Sokatiran Berriozar, Basaburua, Andra Mari, Leziza, Utzubar eta Iñigo Aritza ariko dira

Kadeetan, azkenik, (2000 eta 2001 urteetan jaiotakoak), talde berak eman dute izena konbinatuan nahiz sokatiran aritzeko: Berriozar, Andra Mari, Basaburua, Beriain, Iñigo Aritza, Araxes eta Ultzamak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun