Sagardotegira irteera eta Euskalkide egitasmoa prestatu ditu Solaslagunak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 16a, 12:55

Gan den urtean, Solaslagunak Elizondoko Zahar Etxeko bizilagunekin egindako Euskalkide saioetako batean.

Berako eta Elizondoko Zahar Etxekoekin eginen dituzte mintzapraktikak

Urtero bezala ikasturtean zehar hainbat saio jarriko ditu martxan Solaslalaguna egitasmoak. Urteko lehenbizikoak hauek izanen dira: alde batetik, sagardotegira irteera eginen dute martxoaren 5ean eta bertzetik, EUSKALKIDE aldaera Elizondoko eta Berako zahar-etxeetan.

 

Lesakako Linddurrenborda sagardotegira

Nafarroako Mintzapraktika egitasmoaren baitan Lesakako Linddurrenborda sagardotegira eginen dute martxoaren 5eko ateraldia. Sagardotegia eta autobusaren prezioa 33 eurokoa da eta izen eman behar da 610 920673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.org helbide elektronikoan. Euskaldeko Solaslagunak, Iruñerriko Mintzalagunak, Lizarbeibarko Mintzakideak eta Baztan-Bidasoko euskaltegiek antolatu duten saioa erabaki partehartzailea izatea nahi dute, harremanak lantzeko, euskal sareak hedatzeko eta gure inguruan eragin soziala izateko ere balioko du.

Autobusa Lizarraldetik etorriko da, Baztango (Elizondoko plazan 13:15ean) eta Malerrekako jendea (Doneztebeko bus geltokian 13:40ean) hartu eta Lesakara ailegatuko da eta 14:00etan izanen da Lesakan. 20:30ean eginen dute Lesakatik buelta.

 

Euskalkide

Euskalkideri dagokionez, bertako mintzamolde jatorrak ikasteko eta horretan aritzeko saioak dira, Baztan-Bortziriak-Malerrekako Solaslaguna egitasmotik abiatu dena. Helburu zabalago batzuetan ere kokatua dago, hizkuntza portaeran eragitea, adinero pertsonekin hartuemanak sortzea eta ondare inmaterialaren eramaleak diren neurrian, hauen esperientzietaz ikastea, bertzeak bertze.

Berako San Jose Zahar Etxean astean ordubetez elkartuko dira, otsailaren 27tik maiatzaren 7ra bitarteko larunbatetan, 11:00etatik 12:00etara.

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxean, berriz, hiru saio eginen dituzte martxoaren 4, 11 eta 18an, ortziral arratsaldeko 5etatik 6etara. Hemen ere izen eman behar da 610 920673 telefonoan edo solaslaguna@topagunea.org helbide elektronikoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun