Manu Ayerdik adierazi du eskualdean enpresek ez dutela elkartzeko dinamismo handirik eta alde horretatik, elkarrekin landu ditzazketen arloetan (komertzializazioa eta banaketa, berrikuntza…) elkarlanerako gonbitea egin die. Sektore anitzeko lan taldeak osatzea ere proposatu du, ekintza guztiak dinamizatu eta koordinatzeko. «Sektore barneko kooperazioa, enpresen arteko kooperazioa eta mugaz gaindiko kooperazioa bultzatu behar dira» aipatu du Bertizko Jauregian, Baztan-Bidasoaldeko 40 bat eragileren aitzinean. Izan ere, turismoak pisu handia dauka eskualdeko ekonomian, baina mugaz gaindiko elkarlana aprobetxa daiteke negozioak egiteko edo Europako programen baitan finantziazioa lortzeko, errate baterako.
Enpleguari dagokionez, Manu Ayerdik kezka azaldu du Baztanen 45 urtetik goitikoen langabezia %45 baino handiagoa delako. Neguan langabezia aunitz igotzen dela ere aipatu du eta alde horretatik, lana sortzearen eta zonaldeko heziketa profesionalaren alde egin behar dela aipatu du. Dena den, 2015ean Nafarroa osoan langabezia-tasa %14,7koa zen bitartean, Baztanen %7,8koa zen, Bortzirietako %9,4koa eta Malerrekan %11,7koa. Baztan-Bidasoaldean, 2009. urtean 2.180 enpresa izatetik 2015ean 1.815 enpresa izatera pasatu zen, nahiz eta iaz 57 enpresa berri sortu ziren.
Kontuak kontu, Garapen Ekonomikorako presidenteordeak Baztan-Bidasoaldeak eskaintzen dituen erakargarritasunak eta indarguneak azpimarratu nahi izan ditu: geografikoki bi hiribururen artean eta Frantziatik hurbil dago eta horrek «negozio, merkataritza eta turismo gehiago sor dezake». Baina, aldi berean, ezin da alde batera utzi eskualdearen industria tradizioa, «industria gehiagorekin, bataz besteko soldata hobeak, egonkortasun handiagoa eta langabezia-tasa ttikiagoa izaten baita».