Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 479 lagun daude langabezian, abenduan baino 25 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean oraindik handiagoa izan da igoera, abenduan baino 56 gehiago daude langabezian, 532. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean abenduan baino 3 lagun gehiago daude langabezian, 51 lagun. Adin tarte horretako emakume gazteen artean abenduan baino 5 langabetu gehiago daude, 37 denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta urtarrilean, gainera, 72 gehiago pilatu ditu, 705etik 777ra pasatuz. Industria arloan ere 22 langabetu gehiago daude, 154 denera. Eraikuntzan 2 langabetu gehiago daude, 88. Nekazaritzan, aldiz, 7 lagun guttiago daude lanik gabe, 26 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 54 lagun daude langabezian, abenduan bezalaxe.