Bardoak gogoz eta bertsozale ugari bigarren asteburuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko ots. 1a, 14:46

Lesakako Unibertsolariak taldea, igande eguerdian egindako aurkezpen umoretsuan.

Leitzako Atekabeltzen saio bat egin zen ostiralean eta Lesakako Arranon bi igandean

Bardoen izaera hurbil eta umoretsuari segida eman zaio ostiral eta igandean zehar jokatutako sei saioetan. Horietatik hiru eskualdean egin dira, ostiraleko bat Leitzako Atekabeltzen eta igandeko bi Lesakako Arranon. Adin guztietako bertsozaleak bildu dira eta bi ligaxken sailkapena erabakita geratu da. 

 

Ortziralean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean izan zen lehen hitzordua. 60 bertsozalek aretoa beteta, arretaz jarraitu zuten Iruñeko Obario Maldikoak taldeak (Saioa Alkaiza, Irati Majuelo eta Aimar Karrila) eta Malerreka/Baztango Iluminatiums taldeak (Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo) egindako saio parekatua. Azkenean etxeko taldearentzat izan zen puntu irabazlea. Ondotik prestatutako merenduak ere parte-hartzaileak zein bertsozaleak bildu zituen.

Asteburuko bigarren saioa Berriozarko Taupada gaztetxean antolatu zen. 40 bertsozaleren aurrean aritu ziren bertako Hiru garabardo eta pintxo bat taldea (Ainara Ieregi, Sarai Robles, Mikel Lasarte eta Manex Mailharin) eta Etxarri Aranazko Einnekin taldea (Joseba Beltza, Unai Artieda eta Saats Karasatorre). Saio arina eta umoretsua izan zen, ikuslegoaren algarak piztu zituen bertsoaldi ugarirekin. Etxarriarrek eskuratu zuten puntu irabazlea.

Ostiraleko hirugarren eta azken saioa Leitzan jokatu zen, Atekabeltz gaztetxean. Bertsozale ugarirekin giro onean aritu ziren bertsolariak. Herriko Atekaberts taldea alde batetik, bi bertsolari oso gazteekin (Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Migel Mari Elosegi “Luze”) eta Barañaingo Barañetak taldekideak bestetik (Mintxo Astiz, Ander Baiano, Edurne Errea eta Iñigo Aranguren). Kasu honetan leitzarrentzat izan zen puntua.

Igandean berriz, saio bikoitza antolatu zen Lesakako Arrano elkartean. Eguerdiko 12:00etan lehenik bertako Unibertsolariak (Josu Sanjurjo, Iban Garro, Jon Silveira eta Joxe Juan Zubieta Etxabe) eta Altsasuko Bota lasai taldea (Joxema Leitza, Ekain Alegre, Idoia Granizo eta Aitziber Grados) aritu ziren kantuan. 40 bertsozalek lagunduta osatu zuten saioa eta etxeko taldeak lortu zuen puntu irabazlea. Ondotik bazkaritarako tartea hartuta, arratsaldeko 3:30ean ekin zitzaion bigarren saioari. Lesakako Tantirubertso taldeko kideak (Eneko Fernandez, Ioar Tainta, Maddalen Lopez eta Iñigo Olaetxea) izan ziren kantuan eta haiekin batera Leitzako Atekaberts taldekideak (Ander Fuentes Itturri eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak). Kanpoko taldeak lortu zuen saioa irabaztea eta ligaxka barruko bigarren garaipena izanik, bigarren faserako sailkatzea lortu zuten leitzarrek.

Asteburuko azken saioa Iruñean jokatu zen, Zaldiko Maldiko elkartean. Berriz ere aretoa betea, ia 60 lagunek jarraitu zituzten Mirristi Drimtim taldekideek (Oscar Sanz de Acedo, Mikel Juaniz eta Martin Azpiroz) eta Berako Larungo antenak taldekideek (Patxi Castillo, Jokin Pinatxo eta Aitor Elexpuru) osatutako bertsoaldiak. Auzoko gaztetxoen bertso-eskolako kideekin batera agur musikatuak eskaini zituzten bi taldeek eta oso giro atsegina izan zen saioan zehar. Azkenean beratarrentzat izan zen puntua eta aurretik beste saio bat irabazita, bigarren faserako txartela lortu zuten.

Datorren asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Beste bost saio izanen dira ostiraletik igandera bitarte, Mezkiritz, Alli, Otsagabia, Etxarri-Aranatz eta Iruñean.

Txapelketaren gaineko informazio guztia (argazkiak, albisteak, bideoetarako loturak…)  www.bertsozale.eus atarian ikusgai dago. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun