Javier Urrizak hirugarren aldiz lortu du Urrezko Erremontea, 2012 eta 2013 urteetan ere koadroko erremontelari onena izendatu baitzuten. Iaz, buruz buruko txapelketa irabazi zuen eta berriki Master txapelketan azpitxapeldun izan da. Binakako txapelketan finalerdietara ailegatu zen. San Ferminetako txapelketa irabazi eta azpitxapeldun izan zen frontoi laburreko txapelketan eta Nafarroako txapelketan. Horregatik jaso du Urrezko erremontea.
Erremontelari erregularrenei dagokienez, A multzoan Koteto Ezkurrak jaso du saria, iaz jokatutako 56 partidetan 35,25 puntu lortu baitzituen (gehienez 40 lor daitezke, partida guztiak irabaziz gero). Binakako txapeldun izan zen Koteto, Endika lagun zuela. B multzoan, Eñaut Oiartzabak Matxin VI izan da pilotari erregularrena, iaz jokatutako 91 partidetan 34,19 puntu eskuratuta.
Xanti Uterga doneztebarrak, berriz, frontoi laburreko pilotari onenaren saria eskuratu zuen. Madrilgo San Isidro txapelketa, Gipuzkoako Diputazioarena, Nafarroako eta buruz buruko Eguberrietako Master txapelketa irabazi ditu Utergak.
Irabazleek Lasarte-Oriako Gotzon Uegun eskultoreak egindako garaikurrak jaso zituzten saritzat, Carlos Zuluaga, Jaime Agirre eta Orona Fundazioko Iñigo Market-en eskutik.
Txapelketa azkarra ere Urrizarentzat
Sariak banatu aitzinetik, txapelketa azkarraren laugarren edizioa jokatu zen.
Lehen finalerdian, Xanti Uterga eta Barrenetxea IV.ak 25-14 irabazi zieten Zeberio II eta Ion-i. Bigarren finalerdian, Urriza eta Agirrezabalak 25-16 irabazi zieten Koteto Ezkurra eta Patxi Olazar Doneztebeko osaba-ilobei. Finalean ere emaitza berbera errepikatu zen eta Urrizak eta Agirrezabalak 25-16 irabazi zieten Xanti Uterga eta Barrenetxea IV.ari.