Txapelketa azkarraren laugarren lau bikote ariko dira tituluaren bila. Jaialdiko bigarren partida izanen da lehen finalerdia: Zeberio II eta Ion, Xanti Uterga eta Barrenetxea IV.aren kontra, 25 tantura. Jaialdiko hirugarren partidan, bigarren finalerdia jokatuko dute Ezkurra eta Olazar osaba-ilobek, Urriza eta Agirrezabalaren kontra. Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute, jaialdiko laugarren partidan.
Txapelketa honen lehen edizioa Urriza eta Barrenetxea IV.ak irabazi zuten 2013an; 2014an Urriza eta Agirrezabalak eta 2015ean Ezkurrak eta Barrenetxea IV.ak.
Jaialdiaren ondotik, Erremontearen bosgarren gala hasiko da, 2015eko erremontelari nabarmenenak zein izan diren jakinarazteko. A eta B multzoetako pilotari erregularrenak ez ezik, 2015eko erremontista onenarentzat Urrezko Erremontea izanen da. Frontoi laburreko txapelduna ere sarituko dute.
Lehen edizioan Koteto Ezkurra izendatu zuten erremontelari onena eta ondoko bi edizioetan Javier Urriza. Iaz, Oriamendi 2010 enpresako koadroko pilotari guziendako izan zen saria.
Sari banaketaren ondotik, zale guziendako luntxa izanen da.