Nafarroako Gobenuak GANASA elkarte publikoaren bidez eta Euskal Autonomia Elkargoak, Gipuzkoako Foru Diputazioaren, Ura Euskal Agentzia eta Hazi Fundazioaren bitartez gauzatuko dute proiektua, urtarrilaren 14an Andoainen aurkeztu zutenez. Ekitaldian izan zen Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurugiro eta Toki Administrazio kontseilaria, Gipuzkoako Diputazioko eta parte hartzen duten bertze erakundeetako ordezkariekin batera.
Programa 2020. urtera arte eginen da eta 2.999.372 euroko aurrekontua dauke. Europar Batasunak %60a finantzatuko du Life + programaren bidez (1.788-624 euro) eta gaineko %40a Nafarroa (617.621 euro) eta Euskal Autonomia Elkargoaren artean (582-127 euro) ordainduko dute.
Isabel Elizalde kontseilariak bi lurraldeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, “muga administratiboetaz ulertzen ez duten ibaiak eta balio handiko espezieak konpartitzen baititugu”.
Oztopoak dira ibaien arazo nagusiak
Arrazoi historiko eta geografiko ezberdinengatik, Bidasoa eta Leitzaran ibaiek bere jarraitasuna trabatzen duten oztopo aunitz dituzte. Horren eraginez, ekosistemak aldatu dira eta espezie sentiberanei (bisoia edo izokina, erraterako) zabalkunde eremua murriztu edo zatikatu zaie. Horregatik, ibaietako oztopoak permeabilizatzea da Kantauriko Natura 2000 eremuen kudeaketarako ekintza-lerro nagusia.
Nafarroan bereziki Bidasoa ibaia, Baztan ibaia eta Artesiaga erreka, Bertizko Jaurerria, Belate eta Artikutza Kontserbaziorako Eremu Berezietan (ZEC) eginen da lana.
Aurreikusita dauden ekintzen artean, Bidasoa ibaiaren arroaren permeabilizazioa eta arrain espezieen mugimenduaren hobetzea bilatuko da, horretarako Bera, Endarlatsa eta Iturengo (Ezkurra errekan) presa ttikietan eta Txaruta errekako bertze bi oztopo ttikietan lan eginez. Soluziorik onena bilatzeko, tokiko agenteekin partehartze prozesu bat irekiko da.
Txaruta eta Ezkurra erreka bazterrak eta Baztan eta Bisadoa ibai bazterrak lehengoratzea. Sei zati aukeratu dira, espezie exotikoak ezabatzek, hormak eta bazterrak landatzeko eta erosioa kontrolatzeko, bertzeak bertze.
Bisoi amerikarra kontrolatzeko ekintzak ere eginen dira, espezie inbasore hau non dabilen ikasi eta beharrezkoa balitz, tranpak jarri eta harrapatutakoak hiltzeko. Izan ere, espezie inbasore honek desagertze arriskuan dagoen Europako bisoiaren egoera kritikoa larritu bertzerik ez du egiten.
Lortzen diren emaitzak egokiak diren baloratzeko segimendu ekintzak ere eginen dituzte, bertze zenbait lanen artean.
Gipuzkoan, ekintza ezberdinak eginen dituzte Leitzaran ibaian. Ubaran ibaiadarreko 4 oztopo kenduko dituzte eta ibaian Inturia eta Oiokiko presak kenduko dituzte. Erreka amoarrain haztegiko instalazioak ere ezabatuak dituzte gaurgero.