Udako lau erremontelari onenek jokatuko dute buruz buruko 6. Master txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015eko abenduaren 30a

Binakakoa irabazi berri duen Endika saldiastarra eta Urriza izanen dira aurrez aurre ortzegunean lehen finalerdian.

Urtezahar egunean jokatuko dute lehen finalerdia Urrizak eta Endikak eta ilbeltzaren 7an bigarrena Uterga eta Barrenetxea IV.ak. Finala ilbeltzaren 9an jokatuko dute

Binakako erremonte txapelketa bukatu berritan, orain, buruz buruko Master txapelketaren seigarren edizioaren txanda izanen da. Lau erremontelari ariko dira lehian. Lehen finalerdia abenduaren 31n, Urtezahar egunean jokatuko dute Endika Urrutia saldiastarrak eta iaz jokatzerik izan ez zuen Urrizak. Bigarren finalerdia, gaur egungo txapeldun den Xanti Uterga doneztebarrak eta Barrenetxea IV.ak jokatuko dute urtarrilaren 7an. Final handia urtarrilaren 9an jokatuko dute bi finalerdietako irabazleek.

 

Buruz burukorako prestatzeko astirik gabe dator txapelketa eta horrek, sospresarako aukera zabaltzen du. Halere, Urriza eta Uterga izanen dira finalerako sailkatzeko faboritoak. Buruz buruko finalean aurrez aurre izan ziren eta Urrizak irabazi zuen. Berriki, frontoi laburreko Eguberrietako txapelketan Uterga nagusitu zen. Iruñekoak 2013 eta 2014ko Masterreko edizioak irabazi zituen, Doneztebekoak 2015ekoa. Bi lehen edizioak Koteto Ezkurrak irabazi zituen.

Halere, binakako txapelketa irabazi berritan dator Endika ere eta horrek, animoa emanen dio Urrizari aurre egiteko finalerdian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun