Donezteben hamargarrenez
Hamargarren aldiz antolatu du Erreka Elkarteak San Silbestre lasterketa. Urtero bezala, bi taldetan banatuko dira korrikalariak. 18:00etan 2002.urtean edo ondotik jaiotakoak aterako dira eta zirkuitoari buelta bakarra emanen diote. Helduek, berriz, 3.5 kilometroko ibilbidea eginen dute. Irteera eta helmuga udaletxe atarian izanen da eta ibilbide guztia herriko karriketatik barna. Irabazleek sariak jasoko dituzte, parte hartzaile guztiei opari bat emanen zaie eta zozketak ere eginen dira.
Elizondon VI. edizioa
Seigarrenez urtea lasterka agurtzeko aukera izanen da Elizondon, Baztan Kirol Elkarteak Udalaren eta merkatarien laguntzarekin antolatutako San Silbestre lasterketan. Txikienak hiru taldetan banatuko dira: lehenengoa 3, 4 eta 5 urtekoena. Bigarrena, 6, 7 eta 8 dituztenena. Eta azkena, 9, 10, 11 eta 12 urtekoen taldea. Hiru ibilbide ezberdin eginen dituzte, ibilbide motzenetik hasita, luzeagoetara. 17:00etan hasiko da txikienen lasterketa. 18:00etan helduen txanda izanen da eta hauek euro bat ordaindu beharko dute; sariak erosteko erabiliko da diru hori. 3,9 kilometroko ibilbidea eginen dute herriko karriketan barna. Lasterketan izena eman nahi duenak, 16:30ean udaletxeko plazan izanen du aukera.
Leitzan II.San Silbestre lasterketa
Iaz lehen aldiz antolatu eta San Silbestre lasterketaren bigarren edizioa dute aurtengoa. Izen-ematea abenduaren 30a baino lehen egin beharko da Astizen, Maimurren edo kiroldegian. Korrikalariak 3 taldetan sailkatuko dira: 9 urte bitarteko haurrek 600 metroko ibilbidea eginen dute 16:30ean abiatuta. 10-15 urtekoek 2400 metrokoa 16:45ean. Eta azkenik, 16 urtetik gorakoek 4800 metroko zirkuitua 17:00etan hasita. Haurrek euro bat ordaindu beharko dute izen-ematea eta helduek 2 euro.
Bortzirietako V.Elkartasun San Silbestrea
Sare Lesakak Bortzirietako Elkartasun San Silbestrea antolatu du abenduaren 31rako. Urtezahar egunean, arratsaldeko 5etatik abiatuko dira korrikalariak Lesakako Plaza Zaharretik eta bertan parte hartzeko edo ikustera joateko deia egin dute antolatzaileek.