2.217 boto galduta ere EHBildu izan da alderdirik bozkatuena eskualdean

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 21a, 14:45

Geroa Bai da bigarren indarra 554 boto irabazita (3.177) eta Podemos indartsu sartu da 2.476 botorekin

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak burutu ziren abenduaren 20an. Eskualdeari dagokionez, EHBildu izan da bozkatuena, baina 2011ko hauteskundeetan Amaiur alderdiak lortutako botoekin konparatuz gero, 2.217 boto galdu ditu (orduan 6.169 boto lortu zituen Amaiurrek eta orain 3.952 EHBilduk). Beraz botoen %36 galdu du. Geroa Bai da bigarren alderdirik bozkatuena eta 554 boto irabazi ditu gainera (3.177 lortu ditu orain). 

Podemos alderdiak lehen aldiz parte hartu du eta 2.476 boto lortu ditu, eskualdean hirugarren indarra bilakatuz. Beran alderdirik bozkatuena izan da.

UPN-PP, eskualdean bigarren indar izatetik laugarrena izatera pasa da eta 944 boto galdu ditu (2.072 lortu ditu denera). Halere, Urdazubin lehen indarra izaten segitzen du. PSN-PSOEk ere, duela lau urte baino 334 boto guttiago lortu ditu (929).

Boto kopuru ikaragarraia galduta ere, EHBildu da indar nagusiena kasik eskualdeko herri guztietan. Bortzirietan, halere, nagusitasuna galdu du Igantzin (Geroa Bai) eta Beran (Podemos) eta Malerrekan, Geroa Bai da lehen indarra Beintza-Labaien, Donamaria, Eratsun, Oiz, Urroz eta Sunbillan.

Duela lau urte bezala, UPN-PP nagusitu da Urdazubin.

 

Kontzejuetako hauteskundeak

Maiatzeko deialdian osatu ez ziren udal eta kontzejuetako hauteskundeak ere deituak ziren igandean. Jakina denez, Igantziko udalerako oraingoan ere ez da inor aurkeztu. Narbarte eta Oieregiko kontzejuetan, aldiz, egin zituzten hauteskundeak. Narbarten Jose Manuel Juanotenak 121 boto, Egoitz Gamiok 84, Julen Iriartek 83, Maria Rosario Juanotenak 67 eta Jon Jaukikoak 62 lortu zituzten. Oieregin, Jose Javier Nosellasek 23 boto lortu zituen, Juana Paula Galañenak 16, Carlos Zamorak 11, Alejo Mindegiak 10 eta Jose Maria Galarregik 7. Orain, batzarra egin eta beraien artean banatuko dituzte alkatetza eta kontzejuko ardurak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun