Jaialdia hasteko Euskadiko emakumezkoen eta gizonezkoen txinga-eroate txapelketak erabakiko dira. Emakumeak 25 kiloko txingekin ariko dira. Sousa lesakarrarekin batera, Garazi Arruti eta Laura Perez bizkaitarrak lehiatuko dira. Gizonezkoak 50 kiloko txingekin arituko dira eta bortz lagun ariko dira txapelaren bila: Arabako Kerman Perez de Heredia; Bizkaiako Oscar Perez eta Ousmane Drame eta Gipuzkoako Igor Landa eta Andoni Iruretagoiena.
Segidan, arratsaldeko 6:30 inguru, aizkolari eta harri-jasotzaile gazteekin osaturiko bi bikoteen arteko aizkora-harri jasotze desafio-erakustaldia ikusteko aukera izanen da. Lan zehatz bat zein bikotek lehenago bukatu izango da helburu.
Alde batetik, aurtengo Euskadiko harri-jasotzaile kintopekoetako garailea Mikel Lopetegi eta Hodei Ezpeleta aizkolari gazteak osaturiko bikotea. Bertzalde, aurtengo Euskadiko bigarren mailako eta Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketetako garailea Iker Vicente aizkolari gaztea eta Euskadiko kintopekoetako bigarren sailkatuak, Gorka Etxeberriak osaturikoa.
Azkenik, 19:00 inguru, Euskadiko harri handien harri jasotze txapelketa jokoan izanen dute Gipuzkoako hiru harri jasotzailek: Jokin Eizmendi, Iban Ugartemendia eta Aimar Galarraga. 175-200 kiloko laukizuzena, 175-200 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola erabiliko dituzte, harri bakoitzarekin hiru minutuko saioetan.
Aimar Irigoien harri-jasotzailea parte hartzeko izena emanda zegoen baina aste honetan jakinarazi du ezin izanen dela aritu, gihar-zuntz etendura bat dela eta.