Komunitaterako interesa duten zortzi habitat ezberdin omen ditu Artikutzak bere baitan: gehien bat pagadiak ditu, baina badira mota ezberdinetako hariztuak, Arritxurietako hagin zuhaiztia, edo Elama eta Añarbeko haltz zuhaiztiak, belagiak eta larreak ahaztu gabe. Botanika eta fauna aldetik ere interes handia dauka Artikutzak.
Artikutzarekin batera Areta erreka ere Kontserbaziorako Eremu Berezitzat jo du Gobernuak eta hortaz Nafarroa osoan gisa honetako 23 eremu daude, horietako batzuk eskualdean: Bertizko Jaurerria, Aritzakun-Urritzate-Gorramendi, Baztan ibaia eta Artesiaga erreka, Orabideko erreka eta Arxuriko Zohikaztegia, Bidasoa ibaia eta Belate.