Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak mugako herrietako osasun-arretaren baldintzak adostu dituzte

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 12a, 07:53

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun kontseilari Fernando Domínguez eta Jon Darpón lankidetza-hitzarmena izenpetzen.

Hitzarmen horretaz, Arantza, Igantzi Lesaka, Etxalarm Bera, Arano, Goizueta eta bertze bortz udalerrietako 10.000 nafar baliatuko dira

Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilari Fernando Dominguezek eta EAEko haren homologo Jon Darponek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten azaroaren 11n Nafarroako Jauregian; bertan, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko zonalde mugakideetako elkarrekiko osasun-laguntzaren baldintzak jasotzen dira datozen hiru urteetarako. Akordioak Bortzirietako udalerriak hartzen ditu zehazki: Arantza, Igantzi, Lesaka, Etxalar eta Bera; Arano eta Goizueta; eta Cabredoko kupoa: Cabredo, Genevilla, Lapoblación, Marañón eta Meano. 

 

Guztira, 10.000 bat bizilagun dira, eta Irun eta Hondarribiko osasun-zentroetan (Bortzirietako udalerriak), Donostiako Ospitalean eta inguruko zentroetan (Arano eta Goizueta) eta Arabako osasun-zerbitzuetan (Cabredo, Genevilla, Lapoblación, Marañón eta Meano), osasun-arreta espezializatua jasoko dute.

Hitzarmenak finkatzen du, modu berean, Nafarroako Osasunbideak Osakidetzatik bideratutako bigarren iritziko nahiz espezializazio handiko eskaerei erantzunen diela, honako hauei buruzkoak: azterketa genetikoak, anatomia patologikoa, barne-medikuntza (fibromialgiako diagnostikoak), erradiologia interbentzionista, bai eta neurokirurgia eta onkologiako espezialitateak.

Horretarako, Osasuneko bi departamentuek garatutako protokoloak, jarduteko gidak eta informatikako tresnak partekatuko dituzte, bientzat erabilgarriak izango direnak hitzarmenean jasotako zerbitzuak emateko. Helburu berarekin, biek ala biek osasun-laguntzaren xede diren pertsonen historia klinikoak eskuratu ahalko dituzte

Hitzarmenak, gainera, osasun publikoko bi laborategien arteko elkarlana jasotzen du, etorkizunean sor daitezkeen beharren arabera, eta haien alderdi zehatzak dagozkien protokoloetan erabakiko dira. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko laborategiak laster Nafarroan ezarriko den jaioberriaren bahetzeari lotutako zehaztapen analitikoak egingo dituela aurreikusten da; haiei esker, jaioberrien metabolismoko gaitz gehiago detektatu daitezke.

Dominguez kontseilariak azaldu duenez, hitzarmena «bi autonomia erkidegoen arteko lankidetza indartzera dator», eta «hamarkada askotan herritarrei emandako zerbitzu on bat finkatzen dela» erran nahi du. Bertzalde, Jon Darponek adierazi duenez, «pertsonek egindako eta pertsonentzako konpromiso bat» da, «osasun-laguntza hobetzeko itun bat, inor baztertu gabe». Biek azpimarratu dute, gainera, bi aldeen arteko lankidetza eta koordinazioa oso garrantzitsuak direla osasun-sistemari eutsi ahal izateko.

Izenpetutako hitzarmenak hiru urtez iraunen du, eta automatikoki urtebetez luzatuko da bi aldeetako batek ez badu salatzen.

Ekitaldian, Nafarroako eta EAEko kontseilariekin batera, honako hauek izan dira: Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusi Luis Gabilondo; Nafarroako Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Oscar Moracho, EAEko Osasun sailburuorde Guillermo Viñegra eta Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun