Bortzirietako pilotariak protagonistak DV torneoan

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 10a

Iñigo Martinez eta Ander Errandonea bere herrian jokoan ikusteko aukera izanen dute.

Azaroaren 13an bi partida jokatuko dituzte Eztegara pilotalekuan eta sariak zozketatuko dituzte

Jokoan da afizionatu mailan, pilota txapelketa garrantzitsuenetako bat, DV txapelketa. Jon Olaizola lesakarrak final laurdenetako txartela lortu zuen joan den larunbatean. Partida bikaina jokatu zuten Olaizolak eta Mendinuetak eta 22-14 irabazi zieten faborito ziren Elordi eta Imazi.

 

Bertzalde, azaroaren 13an, ortziral arratseko 8etan, final laurdenetako bi partida jokatuko dituzte Berako Eztegara pilotalekuan.

Promesetan Zubizarreta eta Iñigo Martinez beratarrak jokatuko dute Peio Etxeberria eta Ruben Medinaren kontra.

Seniorretan Ander Errandonea beratarrak eta Kermen Galarzak jokatuko dute Arteaga eta Murgiondon kontra.

Bortzirietako pilotazaleek aukera ederra daukate bertako pilotariak ikusteko. Bai Errandoneak baita Martinezek ere lesioengaitik uda guztia jokatu gabe pasatu dute eta orain bere joko ona erakutsi nahiko dute. Joan den urteko maila berriz erakusten ari dira, joan den ortzegunean Zaldibarren partida bikaina jokatuta Dorronsoro eta Perezi 22-8 irabazi baitzieten.

Bortziriak pilota eskolatik pilotazalei animatzen dituzte ortziralean Berako Eztegara frontoiara hurbiltzera eta animoak emateaz gain, sari baten zozketan ere parte hartzen ahl dute. Lehenbiziko saria, Xuga ostatuan bi pertsonendako afaria izanen da (Xugak oparitua) eta bigarrena txuleta eder bat botil ardoarekin (Venta Peiok oparitua).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun