Haurrei zuzendutako Euskal mitologiari buruzko liburu berria argitaratu dute

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 10a, 07:19

Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde idazleak. Ilustrazioak Aitziber Alonsok egin ditu.

Egileen artean, Izaskun Zubialde zubietarra dago

Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde idazleek, Aitziber Alonso ilustratzailearekin batera eta Txalaparta argitaletxearen eskutik, haurrei zuzenduriko Euskal mitologiari buruzko bigarren albuma argitaratu dute, aurreko txandan bezala euskaraz eta gaztelaniaz. Euskal mitologia, haurrei kontatua liburuak helburu zehatz bat dauka: betiko liburuez gain, etxeko txikienak, egileek etxean entzun dituzten mito eta kondairen berri izatea, eta diotenez bizitza guztirako baliagarriak diren irakaskuntza eta baloreez beteriko ipuinen berri izatea. 

 

Egileen hitzetan, «Mito, kondaira eta pertsonai mitologikoak, belaunaldiz-belaunaldi, bizi garen ingurua ulertzeko erabilgarriak izan dira. Ahoz-aho transmititu diren jakintza hauei esker gugana iritsi dira. Baina normalean jakintza hauek helduei bideratutako hizkuntzan idatziak izan dira. Arrazoi hori medio, oraingo honetan haurrei egokitutako hizkuntza erabili da eta erakargarriak diren ilustrazioz lagundu dira testuak, gure ondare kulturala modu natural eta interesgarrian hurbiltzeko asmotan».

Honela, irakurgai hauetan Tartalo, lamiak, patriketan txanpon bat zergatik eraman behar dugun edota noiztik bizi den txakurra etxeetan ikasiko dugu, besteak beste. Hamar ipuineko liburua jada edozein liburu dendetan eskura daiteke eta dohainik entzungai daude argitaletxeko web orrian. «Oinarrizkoa iruditzen zaigu ahozkotasuna ez galtzea -diote egileek- horregatik biziki eskerturik gaude argitaletxeak izandako ekimenarekin. Gure kezka ulertu dute eta ahozkotasuna lantzeko medio guztiak erabiliz, gure txikiengana iristeko baliabide interesgarria gauzatu dugu denen artean».

 

Proiektu bizia

Badirudi ez direla helburu honen atzetik dabiltzan bakarrak. Izan ere, pasaden urteko abenduan lehenengo proiektuak argia ikusi zuenetik, aurkezten ari diren aukerak handituz doaz. «Joan den urteko abenduan lehen bilduma Amazon-en zintzilikatu genuen eta hiru egunetan 12.000 deskarga izan zituen –gogoratzen dute egileek-. Ondoren, maiatzean, Denonartean argitaletxearen eskutik, liburu denda guztietara iritsi zen, eta liburuak kalean astebete bakarrik pasatu ondoren, bigarren edizio bat egin behar izan zen. Harrigarria benetan. Inolaz ere ez genuke sinetsiko, hasiera batean gure seme alabentzako sortu zen proiektu bat, hain urrun iristeko gauza izanen zenik».

Urrun joan gabe, abenduan, Uruguaiko argitaletxe batek, hogeita hamar urtez geldirik egon ondoren, lanari ekitea erabaki du eta horretarako aukeratutako lana idazle hauen lehen lana izan da, jendaurrean eta komunikabideen aitzinean aurkezpena egiteko Montevideon abenduaren 3an. Idazleak ere gonbidatuak izan dira inauguraziora. «Gonbidapena asko eskertu dugu eta oso gustura joanen ginateke –diote-, baina bideokonferentziarekin konformatu beharko dugula uste dugu».

Bestalde, datorren urteko martxorako lehenengo bilduma ingelesez argitaratzea aurreikusia dago, Renoko Amerikar Unibertsitatearen eskutik. «Estatu Batuetako Euskal Etxe askok galdegin digute liburua ingeleraz eskuratzeko aukeraz eta aukera sortu zaigu Euskal Herriko Unibertsitateak itzulpenak egiteko bere burua aurkeztu duenean».

Egileak fio dira 2016. urtean frantsesez ere argitaratuko dela. «Pirinioak oso altuak direla konturatu gara. Atlantiar Ozeano osoa baina handiagoa dela dirudi –diote penaturik-. Bruselako Euskal Etxetik aurkezpena egiteko gonbidapena jaso dugu eta Sara edo Zugarramurdi bezalako herrietatik frantsesezko aleak eskatzen dizkigute. Argi dago interesa badagoela. Ea datorren urtean gure bizilagunekin gure mitologia partekatzeko aukera dugun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun