Kanpaina honetan parte hartu ahal izateko, bloke bakoitzeko denda edo entitate batean 40 euroko gastua egin behar da. Behin txartela beteta, 500 euroko edo 1000 euroko baleen zozketan parte hartu ahal izanen da. Kanpaina azaroaren 9an hasi eta 28an bukatuko da, zozketa batekin. Hain zuzen arratsaldeko 7ak aldera eginen dute zozketa kiroldegian, Erreka kirol elkarteko eskubaloi taldeen aurkezpenaren aitzinetik.
Doneztebarrak elkarteak dioenez, «herrian bizitzea ez da bakarrik ogia edo janaria erostea eta bertan lo egitea. Herrian bizitzeak erran nahi du, herria bizirik mantentzen ahalegintzea, herria zaintzea, herrian egiten diren aktibitateetan laguntzea, ekitalditan parte hartzea eta herriko komertzio eta zerbitzuekin kontatzea erosketak egiterako orduan».
Herriko komertzio eta zerbitzuak, bere aldetik herria bizirik mantentzen saiatzen dira. Alde horretatik, Doneztebarrak Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak herriko hainbat ekitalditan laguntzen du (errege kabalgatan, eskolako guraso elkarteko zineari laguntzen diote kartelak eginez, herriko bestetan txokolatada antolatzen dute, iñauterietan karroza hoberenari saria ematen diote…).