Urrian 699 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 45 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 411 lagun daude langabezian, irailean baino 12 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean, irailean baino 9 langabetu guttiago daude, 474. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, irailean baino 4 langabetu gehiago daude, 40 denera, eta adin tarte horretako emakumeen artean, aldiz 4 langabetu guttiago daude, 40 denera.
Zerbitzuen arloa da langabetu gehien duena, baina urrian 8 guttiago ziren (665). Industrian irailean baino 4 langabetu gehiago daude, 127 denera. Eraikuntzan berdin mantentzen da, 91 langabetu. Nekazaritzan irailean baino 4 langabetu gehiago daude, 28 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean ere 3 langabetu gehiago daude, 54 denera.
Aipatzekoa da, koadroan ageri den bezala, dexente gehiago direla langabezia prestazioa kobratzen ez dutenak (531 lagun, hau da %55,03a), kobratzen dutenak baino (434 lagun, %44,97a).