Piktogramak paratuko dituzte Denok Bat Federazioko 224 establezimendutan

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 29a, 15:01

Denok Bat Federazioko eta ANA elkarteko ordezkariak, piktogramen aurkezpenean.

Autismoa duten pertsonei laguntzeko kanpainarekin bat egin du Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako komertzio eta zerbitzuen elkarteak

Baztan, Bera, Doneztebe eta Lesakako 224 komertzio eta zerbitzu biltzen dituen Denok Bat Federazioak bat egin du ANA elkarteak (Nafarroako Autismoaren Elkartea) gauzatzen ari den kanpainarekin eta autismoa duten pertsonei laguntzeko piktogramak jartzen hasiak dira beraien establezimenduetan. 

 

Piktogramak gauzak eta ekintzak modu xinplean adierazten duten marrazkiak eta edozein hizkuntzarako baliagarriak dira, ez baitituzte hitzak adierazten, errealitateak baizik. Piktograma hauekin, autismoa duten pertsonek eguneroko ekintzak errazago ulertzen dituzte.

Urriaren 29an, Denok Bat Federazioko kideek jaso dituzte 224 piktogramak ANA elkarteko Amaya Ariz presidentearen eskutik, eta gisa honetara bat egin dute duela bi urte elkarte honek martxan jarri zuen Uler ezazu zure herria piktogramen bidez kanpainarekin. Gaurgero 5.000 toki seinalizatu dituzte Nafarroa osoan, autismoa dutenei erraztasunak emateaz gain, gaur egungo 68 jaioberrietatik bati eragiten dion sindrome honi buruz sentsibilizatuz eta ezagutzera emanez.

Denok Bat elkartearen izenean, Deñe Abuin presidentea, Helena Santesteban presidente ordea, Isabel Gonzalez diruzaina eta Lourdes Andueza bokala izan dira ekitaldian, ANAko Amaya Ariz eta Paula Rodriguezekin batera.

Aitatxia eta familia Berakoak dituen Amaya Ariz ANAko presidenteak eskertu du Denok Bat elkarteak emandako harrera ona eta aipatu zuenez, “4 eta 8 urte arteko umeen begien parean jarri behar dira piktogramak, eta behin paratutakoan, elkarteak eta familiek leku horietara joaten dira, haurren hiztegia eta ulermena aberasteko”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun