Urriaren 31n hasi eta azaroaren 28an akituko den ligaxka denek denen kontra jokatuko dute eta lau lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako txartela. Finalerdiak abenduaren 5ean eta 12an jokatuko dituzte eta final nagusia abenduaren 19an. Txapeldunei eta finaleko erremontelari onenari eman ohi zaien txapel eta sariez gain, lehen aldiz, txapelketako aurrelari onenari eta txapelketako atzelari onenari ere saria emanen zaie.
Bikote guztietan bada noizbait bainakako txapeldun izandako erremontelariren bat: Ezkurra (1994, 1999, 2006 eta 2014an); Ion (2011, 2013 eta 2014an); Etxeberria III (2010ean); Barrenetxea IV (2012an); Urriza (2007, 2008, 2010 eta 2012an) eta Uterga (2013an).
Koteto Ezkurra izan zen urriaren 27an Galarretan egindako aurkezpen ekitaldiko protagonista nagusia, joan den urtean txapeldun izateaz gain, duela bi aste min hartu baitzuen partida batean. «Ez zen haustura izan eta oraindik kantxara bueltatu ez banaiz ere, txapelketarako prest egonen naiz», aipatu zuen.