Nafarroako Gobernuak Eskolako bertsolaritza programa berreskuratu du mintzamena eta bertsoa indartzeko

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 28a, 07:13

Duela bi urte Gobernuak programa bertan behera utzi zuenean kexu agertu zen Nafarroako Bertsozale Elkartea. Argazkian, Alaitz Rekondo presidentea eta Lorea Arburua idazkaria.

Bi ikasturteren ondotik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako mila bat ikaslek parte hartuko dute berrogei ikastetxetan

Urriaren 22tik abenduaren 22ra euskarazko ahozkotasuna indartzeko eta bertsoa sustatzeko"Bertsolaritza eskolan" programa martxan jarriko da berriz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik jakinarazi dutenez; bi urte etenda izan ondoren, ikasturte honetan ikasgeletara itzuliko da. Jarduera Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan egingo da, eta 40 ikasle-taldek parte hartuko dute, mila ikasletik gora.

 

Programaren helburua komunikatzeko gaitasunak areagotzea da, mintzamena bereziki, hizkuntzaren bat-bateko erabilerak sartuz. Bertsoak ikaslearen norberaren konfiantza eta segurtasun sustatzen ditu, hari ikusaraziz bere komunikazioa hobetu daitekeela eta hitz-jarioa indartu. Programak bertsoaren ezaugarriak landuko ditu: teknika, erritmoa, metrika eta errima. Gainera, bertsoaren ahozko tradizioa euskal literaturan nolakoa izan den ezagutaraziko da.

Programa hamar saiotan antolatu da, astean behin, eta haietako bat bertsoen bat-batekotasunaz ariko da ikasitako doinuak praktikan jartzeko. Zenbait alderdi landuko dira hizkuntz jolasekin, bertso tradizionalak ikasiko dira, bertsoaren historia eta historiako bertsolariak ezagutuko, bertsoaren forma berritzaileak, irrati-saioak, emanaldi-mota askotarikoak eta ahozko bertsoak nahiz bertso idatziak. Ikasle bakoitzak gida didaktiko bat eta koaderno bat jasoko ditu ikasturterako. Proposamen didaktiko horren barnean, euskararen euskalkietan egindako bertsoak sartzen dira. Saioak ematen dituen bertsolariarekin batera, taldeko irakasleak ere izango dira. Irakasle horiek bertsolariarekin koordinatuko dira, eta azken horrek bertsolaritza irakasteko metodoen berri emango die; horrekin batera, gai zehatz batzuei buruzko aholkularitza teknikoa emango die bertsolaritzako saio edo lehiaketak egiteko.

Bilduma bat argitaratuko da parte hartutako talde guztien bertso onenekin.

Programa Nafarroako Bertsozale Elkarteko bertsolarien elkartearekin egingo da, 2015-2016 ikasturteko lehen hiruhileko honetarako, 20.000 euroko laguntza teknikoko kontratu bat sinatuz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun