Egoera honen aurrean, astearte arratsaldean Asanblada Informatibo herritarra egin zen Goizuetan. Ehundik gora herritar hurbildu ziren herriko plazan egindako asanbladara, egoeraren berri zehatza izan eta batez ere, Unai eta Olaiari une hauetan hain beharrezkoa duten herri babesa adieraztera.
Gertakari horren aurrean, EH Bilduk «irmoki» salatu du, «beste behin ere, Estatu espainiarraren epaitegi aparatutik etorritako eraso hau. Hautu eta prozesu politikoak kriminalizatu eta judizializatzea ez da berria Euskal Herrian. Goizuetan gertatutakoa, estrategia horren azken atala da. Beste behin ere, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak hutsaren hurrena direla frogatu nahi du Estatuak, eta gure Herriak pairatzen duen gatazkari irtenbidea emateko aukera historikoa izanik, gatazka betikotzeko apustua berritu du Espainiar estatuak, modu eraikitzaile eta proaktibo batean jokatu beharrean».
Modu berean, «segurtasun juridikoaren printzipioa” deritzona serioski urratu dela salatu du. «Ez da onargarria –dio EH Bilduren oharrak–, bere burua demokratikotzat duen estatu batek, inolako argipenik eman gabe, bi herritar salbuespeneko epaitegi baten esku uztea, delitu larriak leporatuz, leporatzen zaien ekintza zehatza zein den argitzeko aukerarik eman gabe. Beste hitz batzuetan esanda: bi herritar hauek ez dakite zertaz diren akusatuak. Hori oso larria da».
EH Bilduren ustez, «goizuetar guztiak izan dira erasotuak, alkatea herritar guzien ordezkari den neurrian». Deia luzatu diete goizuetar guziei, gertatu daitekeenaren aurrean mobilizatu eta bi herritar hauei beren babesa adieraztera.