Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen Etxarrin. Hasieran, Nazabal aitzinetik ibili zen, nahiz eta 60 ontzako bigarrena, Vicentek 11 segundo aitzinetik moztu. Halere, berriz ere aurrea hartu zuen Etxarrikoak, baina zortzigarren enborra korapilatu zitzaion eta hamargarren txapela janztea eragotzi zion. Vicentek, berriz, hasieratik jarri zuen erritmoari eutsi eta ezustea emateko gai izan zen.
Floren Nazabalek erran zuenez, egurra oso txarra zen eta bizkarreko arazoekin segitzen du: «Horrela ezin dut segitu, muga-mugan ibili naiz eta hemen bukatzen da historia». Joan den urtean bezala, aurten ere Euskal Herriko txapelketako finalean ez duela parte hartuko iragarri zuen etxarriarrak. Hortaz, kanporaketan zazpigarren izan zen Jon Rekondo leitzarrak hartuko du bere lekua urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalean.
Emaitzak:
Txapelduna: Iker Vicente (Otsagi) 30:17.30
Bigarrena: Floren Nazabal (Etxarri Aranatz) 31:56.81
Hirugarrena: Juan Jose Lopez (Lezaun) 33:32.34
Laugarrena: Jon Rekondo (Leitza) 34:33.45
Bosgarrena: Ruben Saralegi (Leitza) 35:22.92