Jardunaldi Gastronomikoen aurkezpenean, Mari Joxe Iparragirre (Baztan-Bidasoa Turismoa elkargoaren ordezkaria), Carlos Lezeaga (Pirineos Exdim enpresakoa), Iciar Mikelperizena (margolaria), Ruben Garate (Iruritako Olari jatetxea), Belen Urrutia (Elbeteko Posada) eta Lorea Luzuriaga (Donamariako Benta) izan ziren.
Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birgarroak, faisaiak, basahate galeperrak, eperrak, orkatza, basurde eta oreina dastatzeko aukera izanen da, gure gastronomiako osagai ospetsuez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak… eta bukatzeko, eskualdeko esneki tipikoak eta beste postre zoragarriak ere.
Ardo nafarrak plater hauen osagarri onak dira. Aurten ere, Iñurrieta bodega nafarrek, Pirineos Exdim-ekin batera jardunaldi hauetan laguntzen dute, Nafarroako Gobernuarekin batera.
Baztan-Bidasoa Turismoak kartel bat eta jatetxe guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu. Eskuorri hauek, jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragarri egonen dira baita www.baztan-bidasoa.com web orrian eta sare sozialetan. Urriaren erdialdera meni guztiak biltzen dituen eskuorria argitaratuko du elkargoak. Material grafiko honetarako urtero bezala, eskualdeko margolari baten margolana agertzen da. Oraingoan, Iciar Mikelperizenaren “La angustia del faisan” kuadroa agertzen da.
Argazki lehiaketa lehen aldiz
Aurten Ehiza Jardunaldiko argazki lehiaketa antolatu da lehen aldiz. Parte hartu nahi duenak, jatetxe hauetakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali beharko ditu. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.