Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko da igandean Uharten

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 18a

Joan den urtean Floren Nazabal izan zen txapeldun, Jon Rekondo leitzarraren eta Oihan Larretxea beratarraren aitzinetik.

Urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko den finaleko bortz txartelen bila lehiatuko dira bederatzi aizkolari

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute irailaren 20an, igande arratsaldeko 5:30ean hasita Uharteko Toki-Alai pilotalekuan. Bederatzi aizkolari ariko dira lehian, Ander Erasun aurtiztarrak  ezin izanen baitu parta hartu azkenean eta medikuaren agiria aurkeztu du aste honetan. Bortz lehenbizikoek urriaren 4an Etxarri Aranatzen jokatuko den finalerako txartela izanen duten bitartean, azken bi sailkatuek maila galduko dute. Dena den, azken aurreko sailkatuak Ander Erasunen aurkako jautsiera kanporaketa eskatzeko aukera izanen du.

Bederatzi aizkolarietatik bortz eskualdekoak izanen dira: Jon Rekondo (Leitza), Oihan Larretxea (Bera), Ruben Saralegi (Leitza), Donato Larretxea (Arantza) eta Mieltxo Mindegia (Zubieta). Horiekin batera, faborito nagusia izanen den Etxarri Aranazko Floren Nazabal, Lezaungo Juan Jose Lopez, Arostegiko Julen Kañamares eta Otsagiko Iker Vicente ariko dira. Bortz enbor moztu beharko dituzte: Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.

Bortz lehenbizikoek urriaren 4an, 13:00etan Etxarri Aranatzen jokatuko den finalerako txartela lortuko dute. Bi azkenek, aldiz, maila galduko dute

 

Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa

Aizkora kanporaketaz gain, Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa ere jokatuko da igandean Uharteko jaialdian.

Lau bikotek hartuko dute parte: Josu Zuñiga (Txantrea) eta Lander Landiribar (Amaiur); Raul Maiza eta Jose Luis Cano (Berriozar); Andoni Irigoien (Aniz) eta Guillermo Etxenike (Irurita) eta Ekaitz Maritorena (Berroeta) eta Eneko Irigoien (Aniz). Beraz, zortzi kirolarietatik bortz baztandarrak izanen dira.

Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 10 epai eta zutik jarritako 45 ontzako enborrean lau epai egin beharko ditu. Txapeldunak mailaz igoko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun