Haize bolada zakarrek Iturengo plazan jarritako karpa hegatu dute

Ttipi-Ttapa 2015eko irailaren 16a

Larunbatean Joaldunen Eguna ospatzeko Iturengo plazan jarria zuten karpa hegatu zuen haizeak.

Gorramendik orduko 117,5 kilometroko abiadura hartu zuen haizeak asteartean

Haize bolada zakarrak ibili ziren irailaren 15ean Nafarroa osoan. Oraindik gaur, kontuz ibiltzeko aholkua eman die Nafarroako Gobernuak gidariei eta arratsaldeko 6ak arte alerta laranja aktibatua du Nafarroako Gobernuak, haizearengatik. Aparteko eragozpenik ez du sortu haizeak gure inguruan, baina Otxondon bi zuhaitz bota zituen eta Iturenen jarritako karpa hegatu zuen, argazkian ageri denez.

 

Bertizko Natur Parkerako eta Etxalar eta Sara Lizarietan barna lotzen dituen NA-4400 errepideko 9. kilometroan sarbidean zuhaitzak eta adarrak kendu behar izan zituzten.

Berako Larretagañako estazioan orduko 92,4 kilometroko haize bolada neurtu zuten; Donezteben orduko 51,7 kilometrokoa eta Nafarroako handiena Gorramendin jaso zuten, orduko 117 kilometro eta erdikoa.

Asteazken goizari dagokionez, Oronozen eta Baztango bertze zenbait tokitan, Aranon, Almandozen, Donezteben, Goizuetan edo Sunbillan zuhaitzak erori dira errepidera eta batzuetan, horiek erretiratu bitartean itxiak egon dira bideak. Beran, Sunbillan edo Ibardinen adarrak erori dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun