Nafarroako mendialdearen inguru honetan dauden 25 udalerrietatik hamazazpik 14,7 milioi euroko zorrekin itxi zuten 2014a. Hala ikus daiteke Espainiako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Ministerioak berriki argitaratu dituen datuetan. Emandako zenbakiak banketxeetan dauden zorrak dira.
HERRIRIK ZORPETUENAK
Kopuru absolutoei begiratuta, udalerri handi eta jendetsuenak dira, zorrik handiena dutenak. Baztanek 5,6 milioi euro, Lesakak 4,2 milioi, Bera eta Leitzak milioiaren inguruan, Doneztebek 0,73 milioi,… Alabaina, herri bakoitzak duen zorra biztanle kopuruaren arabera banatuz gero, Zugarramurdi da, diferentzia handiarekin, herririk zorpetuena (2014an 225 biztanle zituela kontuan hartuz gero, biztanleko 2.364 €ko zorra zuen). Bigarren Lesaka litzateke (1.531 €ko zorra biztanleko), hirugarren Areso (940 €/ biztanleko), laugarren Baztan (723 €/biztanleko), gero Arantza (585 €/ biztanleko)…
ZORPETZE TTIKIENA
Zor gutien duten herrien artean daude Elgorriaga (35 €/biztanleko), Ezkurra (164 €/biztanleko), Bertizarana (169 €/biztanleko), Ituren (177 €/biztanleko), Etxalar (238 €/biztanleko), Bera (256 €/biztanleko), Sunbilla (263 €/biztanleko), Leitza (322 €/biztanleko),… Oro har, 2013tik 2014ra udal guztiek arindu dute zorra, Bertizaranak eta Ezkurrak izan ezik. Azkenik, zorrik ez dutenak Arano, Beintza-Labaien, Donamaria, Eratsun, Goizueta, Saldias, Urroz eta Zubieta dira.