Urriza eta Olazarrek irabazi dute Nafarroako erremonte txapelketako lehen partida

Ttipi-Ttapa 2015eko abuztuaren 4a

40-38 irabazi zieten Ezkurra II eta Endikari

Uztailaren 31n abiatu zen Nafarroako X. erremonte txapelketa-Magna Sari Nagusia Zubiriko pilotalekuan. Urriza eta Patxi Olazar doneztebarrak 40-38 irabazi zieten Josetxo Ezkurra II doneztebarrari eta Endika Urrutia saldiastarrari, lehia estu baten ondotik.

 

Hasieran zazpi tantuko aldea hartu zuten irabazleek (18-11), baina 24nako bedinketaren ondotik, partida berdindua joan zen bukaera arte.

 

Ondoko partidak

Zubirikoaren ondotik, abuztuaren 7an Lekunberrin, abuztuaren 11n Agoitzen, abuztuaren 12an Sunbillan, abuztuaren 15ean Burlatan eta abuztuaren 23an Zilbetin jokatuko dituzte final laurdenetako ligaxkako partidak.

Lehen fase honetan lehenbizikoa gelditzen den bikotea zuzenean sailkatuko da irailaren 2an Zubirin jokatuko den finalerako eta laugarrena kanporatua izanen da. Bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdietako kanporaketa jokatuko dute Donezteben irailaren 18an, 18:30ean. Txapelketako partidekin batera, eskuzko pilota partidak ere jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun