Aritz Zubiri goizuetarrak aurrera egin du buruz buruko txapelketan sartzeko bidean

Ttipi-Ttapa 2015eko uztailaren 24a

Buruz burukoan sartzeko lehen oztopoa gainditu du Aritz Zubirik. Larunbatean izanen du bigarrena.

Larunbatean bigarren partida bat jokatu beharko du Aizpuru III.ren kontra eta Ezkurra II doneztebarra Ansa II.aren kontra ariko da 

Aritz Zubiri goizuetarrak Kutxabank buruz buruko erremonte txapelketan sartu ahal izateko lehen koxka gainditu zuen ortzegunean Galarretan. Historiarik gabeko partidan, 30 eta 12 irabazi zion Goikoetxea V.ari.

 

Ortzeguneko partida nagusian, Xanti Uterga doneztebarrak eta Ionek, 40 eta 36 irabazi zieten San Fermin txapelketako txapeldunei, Urriza eta Barrenetxea IV.ari.

Galarretan uztailaren 25ean jokatuko den jaialdian, buruz buruko txapelketan sartzeko lehian bertze bi partida jokatuko dira eta bietan izanen dira eskualdeko protagonistak. Larunbat arratsaldeko 4etan hasiko den jaialdiko lehen partidan, Aritz Zubiri goizuetarra Aizpuru III.aren kontra ariko da. Jaialdia itxiko duen partidan, berriz, Josetxo Ezkurra II, Ansa II.aren kontra ariko da. Tartean binakako bi partida jokatuko dira: Xanti Uterga eta Patxi Olazar doneztebarrak Matxin III eta Barrenetxea IV.aren kontra alde batetik, eta Segurola eta Joxe Etxeberria III, Otaegi eta Endika Urrutia saldiastarraren kontra, bertzetik.           

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun