Nafarroako herri kirol txapel ugari datoz eskualdera Iruñeko Sanferminetatik

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 13a, 11:01

Xanta Sousa lesakarrak nagusitasunez irabazi du aurten ere Nafarroako txinga eramate txapelketa.

Larunbatean, Xabier Ariztegi etxalartarra harrijasotzen, Xanta Sousa lesakarra txinga eramaten eta Lander Landiribar amaiurtarra lasto altxatzen Nafarroako txapeldun suertatu ziren

Urtero bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak Iruñeko Sanferminak aprobetxatu ditu Nafarroako hainbat txapel erabakitzeko. Horietatik aunitz, eskualdera etorri dira: Maika Ariztegi iturendarra eta Josetxo Urrutia leitzarra txapeldun izan dira ingude altxatzen, Xabier Ariztegi Santxin etxalartarra harri jasotzen, Xanta Sousa lesakarra txinga eramaten, Lander Landiribar amaiurtarra lasto altxatzen eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak bikotekako aizkora txapelketan

Uztailaren 8an egin ziren arpana txapelketak. Emakumezkoetan, Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopez izan ziren txapeldun, Elsoko Ainhoa eta Ana Iraizoz bigarren, Aresoko Itxaso Onsalo eta Lesakako Xanta Sousa hirugarren eta Berako Nerea Sorondo eta Amaia Garcia laugarren. Gizonezkoetan, Julen Kañamares eta Beunzako Mikel Eugi izan ziren txapeldun, Barberena anaien eta Arraiozko Xabier Urrutia eta Daniel Saldiasen aitzinetik.

Uztailaren 9an, ingude altxatze txapelketen txanda izan zen. Emakumezkoetan, ez zen ezustekorik izan eta Maika Ariztegi iturendarra izan zen txapeldun, 93 altxaldirekin. Mertxe Ariztegi ahizpa bigarren izan zen, 82 altxaldirekin eta Amaia Etxeberria hirugarren (81 altxaldi). Gizonezkoetan, Euskadiko txapeldun izan berri den Josetxo Urrutia leitzarra nagusitu zen, 86 altxaldirekin. Aritz Izuzkiza izan zen bigarren (81 altxaldi) eta Imanol Martin hirugarren (78 altxaldi).

Uztailaren 10ean, Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu zen. Lehen bortz sailkatuek finalerako txartela zuten jokoan eta azkenak, berriz, maila galdu. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako bat mozten bizkorrena Aresoko Asier Pellejero izan zen (7:44), Olagueko Aitor Senosiain bigarren (7:55), Arostegiko Manuel Kañamares hirugarren (8:24), Leitzako Eneko Saralegi laugarren (8:44) eta Etxarri Aranazko Goizeder Beltza bosgarren (8:57). Preziski lana 9 minutu baino guttiagoan egin zuten bortz aizkolari hauek izanen dira finalean. Finaletik kanpo geldidut ziren Dorraoko Iban Resano (9:03), Etxarri Aranazko Juan Jose Erdozia (9:21), Zubietako Mikel Indakoetxea (9:44), eta Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia (10:04), Miguel Angel Etxeberria (10:53) eta Jesus Etxeberria (11:29). Azken honek maila galduko du.

Nafarroako kadete mailako arpana txapelketan, bi segundo eskasengatik txapela eskualdera etorri da. Hain zuzen Baztango Basaburuko Antton Irigoien eta Iker Aleman izan ziren bizkorrenak etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egiten (6:24.35), Berriozarko Julen Malharin eta Unai Rodriguez izan ziren bigarrenak (6:26.09).

 

Harrijasotzen, txingatan  eta lasto altxatzen txapeldun

Uztailaren 11n, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatu zen. Azken zazpi urteetan txapeldun izandako Unai Bertiz sunbildarra falta, Josetxo Urrutia zen adituen ustez faborito, baina ezustea eman zuen Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak eta txapela jantzi zuen lehen aldiz. 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin, bina minutuko txandetan aritu ziren lanean eta denotan etxalartarrak egin zuen lanik onena. Zilindroari 20 altxaldi eman zizkion, kubikoari 13 eta bolari 14, denera, 5.362,5 kilo. Josetxo Urrutia bigarren izan zen, 4.925 kilo jasota (zilindroari 19 altxaldi, kubikoari 12 eta bolari 12). Sebastian Martikorena izan zen hirugarren eta Albaro Zugarrondo laugarren.

Emakumezkoen txinga txapelketan ez zen ezusterik izan eta Xanta Sousa lesakarrak nagusitasunez jantzi zuen txapela, 34 plaza eta erdi pasatxo eginez. Ezkurrako Karmele Zestau bigarren izan zen, 11 plazarekin eta Burlatako Amaia Etxeberria hirugarren.

Nafarroako lasto altxatze txapelketan, Amaiurko Lander Landiribar suertatu zen txapeldun, 13 altxaldirekin (hurrengo altxaldia 20 segundotan egin zuen). Amaiurko Iñigo Goienetxek ere 13 altxaldi egin zituen, baina ez zuen bertzerik egin eta Igantziko Eneko Telletxea 8 altxalditan gelditu zen.

Uztailaren 12an jokatu zen Nafarroako orga joko txapelketan Ezpeletako Pierre Casuso izan zen txapeldun eta Josetxo Urrutia leitzarra laugarren.

Nafarroako bikotekako aizkora txapelketan, berriz, lehia estua izan zuten Leitzako Jon Rekondok eta Ruben Saralegik alde batetik eta Aurtizko Ander Erasun eta Donato Larretxeak, bertzetik. Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako moztu behar zituzten eta azkenean, 22 segundorengatik nagusitu ziren leitzarrak. Floren Nazabal eta Julen Kañamares hirugarren izan ziren.

 

Azken txapelketak

Baina Sanferminak ez dira oraindik bukatu eta herri kirol txapelketak ere ez. Uztailaren 13an, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko dute. Bina kanaerdiko moztu beharko dituzte Joxean Etxeberria (Ziga), Moises Gogorza (Ezkurra), Jon Telletxea (Beintza-Labaien), Oier Kañamares (Arostegi), Esteban Pikabea (Gerendiain), Koldo Garcia (Uharte), Abel Uria (Olazti) eta Iosu Agirrek (Arbizu). Kañamares anaiek ere erakustaldia eskainiko dute.

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako gizonezkoen txinga txapelketa jokatuko dute Berako Joseba Petrirenak, Berroetako Josu Gamiok, Leitzako Josetxo Urrutiak, Iberoko Adrian Berruezok eta Iruñeko Alejandro Fernandez eta Juan Carlos Lesakak. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia eskainiko du eta Andde Arbenoitzeko lasto altxatze eta lasto botatze erakustaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun