Euskadiko trontza txapelketan gizonezkoen sailkapen proba jokatuko dute ekainaren 27an

Ttipi-Ttapa 2015eko ekainaren 26a

Urteak daramazkite elkarrekin arpanan Irigoienek eta Etxenikek, txapelketa, erakustaldi eta apustuetan.

Sei lehenbizikoek uztailaren 26an Elizondon jokatuko den finalerako txartela lortuko dute

Euskadiko trontza txapelketako gizonezkoen sailkapen proba jokatuko dute ekainaren 27an, igandean 19:00etan hasita Uharte-Iruñeko plazan. Anizko Andoni Irigoien Maritorena eta Iruritako Guillermo Etxenike Iñarrea izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak.

 

Baztandarrekin batera, Nafarroako bertze lau bikotek eta Gipuzkoako bik parte hartuko dute. Gipuzkoarrak, Unai Iraola eta Jokin Garmendia eta Igor Esnaola eta Santi Aizpurua izanen dira. Nafarroako bikoteei dagokienez, Imanol Kañamares eta Oier Kañamares lehengusuak, Esteban eta Martin Pikabea anaiak eta Iñaki Barberena eta Josetxo Barberena anaiak izanen dira.

Etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa, zutik jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa eta etzanda jarritako 45 ontzako enborrean 5 ebaketa egin beharko dituzte.

Uharten lehen sei postueta sailkatzen diren bikoteekin, lehen mailako finala eginen da Elizondon uztailaren 26an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun