Diru-laguntzen deialdia urte erdi atzeratu izanak nekazaritza inbertsioak geldiarazi ditu

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 18a, 12:14

Gazteak nekazaritza eta abeltzaintzan sartzea zailtzen ari da

Ekainaren 15ean bukatu zen PAC eta sektorean aurten lehenengo instalazioa hasi nahi zuten gazteen diru-laguntza eskatzeko epea. ENHE­­­k erran duenez, «Nafarroako Gobernua ezgai agertu da lehenengo instalazioen diru-laguntzen deialdia eta PAC eskaeren epeak koordinatzeko». Ondorioz, nekazariek diru-laguntza eskatzeko aukera galdu dute eta horrek inbertsioak geldiarazi ditu.

 

Diru laguntzen murrizketa azken lau urteotan

 Nekazari eta abeltzainek diru-laguntzen murrizketa nabaria jasan dute, azken lau urteotan. Nafarroako Gobernuak 2014 eta 2012an ez zuen ustiategiak eguneratzeko eta gazteak sartzeko deialdirik zabaldu eta 2013an zabaldu bazuten ere, aurrekontuek murrizketa nabariak eta baldintza zorrotzak izan zituzten.

 Landa Garapena, Ingurumena eta  Toki Administrazioa departamentuko datuen arabera, 2013an lehen instalaziorako 153 txostenek eta ustiategiak hobetzeko 543ek jaso zituzten diru-laguntzak. Murrizketek gazteak nekazaritza eta abeltzaintzan sartzea zailtzen dute. Nafarroako Gobernuaren datu ofizialen arabera, 2014an 1.250 nekazari eta abeltzain gutiago ziren  2007an  baino.

 Nekazaritza sindikatuak diru-laguntzen deialdia zabaltzea beharrezkoa dela adierazi du. Gainera, diru-laguntzak jasotzeko baldintzetan nekazari aktiboaren beharrean, gizarte segurantza ordaintzen duen nekazari profesionala izatea kontuan hartzea eskatu du.

 

 

 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun