Nafarroako Gobernuak, NILSA enpresa publikoak kudeatutako Nafarroako Ibaiak Saneatzeko Plan Gidariaren bidez, ur-beltzen eta euri-uren tratamendua hobetzeko 51,2 milioi euro inbertituko ditu 150 proiektu baino gehiagotan, datozen sei urteetan. Arazketa edo depurazio bidez, ur beltzen kutsatzaileak kontzentrazio onargarri bateraino kendu edo degradatzearen ondorioz, kutsadura desagerrarazi eta urak berrerabiltzea lortu nahi da.
Eskualdeko hainbat azpiegitura egin edo berrituko dira, tartean Xaretako Urdazubi eta Zugarramurdi; Malerrekako Doneztebe, Ezkurra eta Zubieta; Bortzirietako Bera; eta Baztango udalerrietan.
Inbertsioak lau jarduera-lerrotan eginen dira: 500 biztanle baino gutiagoko udalerrietan arazketa biologikoa; 20-25 urteko instalazioak berritu eta eguneratzea; euri-ur eta ur beltzak kontrolatu eta kudeatzea; eta 250 biztanle baino gutiagoko guneetan beharrezkoak diren jarduerak egitea.