Aurkezpenean aipatu zutenez, «elkarte berri bat sortzea baino egokiagoa iruditu zaigu turismo arloan ere lanean ari den erakunde batekin elkartzea». Helburuen artean, «turismo arloan ditugun baliabideak eta esfortzuak koordinatu eta ordenatu nahi ditugu eta beharrei eta aukerei egokitutako ekintza plana garatu». Hiru lan ildo izanen dituzte, «eskualdearen promozio bateratua, gure proiektu estrategikoak edo ekimen pribatukoak martxan jartzea eta tokiko agenden koordinazioa». Bidasoko Bide Berdeaz gain, interes orokorreko bertze proiektuak ere baloratuko dituzte.
Momentuz, Urdazubi, Zugarramurdi, Doneztebe, Sunbilla, Saldias eta Etxalarko udalek ez dute bat egin hitzarmenarekin, baina bakarren batek aitzindu du udal berriak osatzerakoan sinatuko duela.
Funtzionamendu gastuak estaltzeko udalek bizilagun kopuruaren arabera (%50), alojamendu lekuen arabera (%30) eta Jarduera Ekonomikoaren Zerga (IAE) turismo arloan ordaintzen duten establezimendu kopuruaren arabera (%20) ordainduko dute. Teknikari bat ere kontratatuko dute lanaldi erdian. Deialdia irekia dago ekainaren 18ra bitarte.
Bide Berdea eta Eurovelo
Bertizko Partzuergo Turistikoaren lekukoa hartuz, orain Cedernak izanen du, udalekin batera, Bidasoko Bide Berdearen mantenuaren eta sustapenaren ardura. Irailerako Eurovelo 1aren behin betiko ibilbidea erabaki beharra dago. Hiru alternatiba daude, hiruak Malerrekatik baina aurrekontu arras ezberdinekin. Erabakia nahitaez hartu behar da, Europatik datorren %65eko dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Doneztebe eta Baztan arteko Bide Berdea ere egiteko dago.