Horrekin batera, abestia ere prestatu dute. Zigor Agirrek, Aresoko eskolako irakasleak, osatu ditu hitzak eta Ruper Ordorikaren Glu Glu doinua erabili dute oinarrian. Maiatzaren 14an Leitzako Karrape irratian egin zuten grabaketa eskolako haur, guraso eta irakasleek eta ederki pasa zuten.
Egun osoko festa
Ekainaren 6an, duela 16 urte hasitako ohiturarekin segiz, hiru herrietako haur, guraso eta irakasleak elkartuko dira. Goizeko hamaiketan hasiko da festa, adin desberdinetako haurrentzat prestatu dituzten joku eta tailerrekin. Eguerdian 13:00ak inguruan ni+zu=gu abestia kantatuko dute eta ondoren paella erraldoia dastatzeko parada izango da. Arratsaldean fanfarre eta txistulariekin kalejira egingo da herrian barna eta ondoren soka-tira eta entzierroa ere antolatu dituzte. Indarrak berritzeko merienda izango da ondoren eta eguna giro bikainean bukatzeko dantzaldia izanen da gero. Ilusio handiarekin lanean aritu dira hiru eskoletako gurasoak, eta orain gozatzeko garaia da. Ea eguraldiak ere laguntzen duen. Guztia prest dago, denak herrian biltzea bakarrik falta da. Abestiak dion bezala: Ni eta zu, Areson aukera daukagu, ni eta zu bihurtu gaitezen gu!