Liburua besapean heldu da Jakoba Errekondo Iruritara eta Saldiasera

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 28a, 09:47

Jakoba Errekondok baratzea lantzen laguntzeko liburu interegarria karrikaratu du.

‘Bizi baratzea’ izeneko gida aurkeztuko du ortziralean eta larunbatean

Gaurgero, ez da harri azpian inor izanen Jakoba Errekondok liburua atera duela ez dakienik. Hori aurkezteko bi saio eskainiko ditu gure inguruan asteburu honetan, ortziral arratsaldean Iruritan eta larunbat goizean Saldiasen.

 

Maiatzaren 29an, ortziral arratsaldeko 7:30ean Iruritako Jauregiko lorategian ariko da (eguraldi ona bada eta, gainekoan, Jauregiarte tabernan, 19:30ean), Jauregiarte taberna kulturalak eta Hazitik Hozie elkarteak antolatuta, eta Jo ala Jo taldeak alaituko du musikarekin.

Hilaren 30ean, larunbatarekin,  goizeko 9:30ean Saldiasko Otxonta eskolatik emanen du irratiko saioa. Gero, liburuaren gainean ariko da, eta akaberan, beti bezala, jendearekin tertulian eta galdemodueri erantzuten.

 

‘Bizi baratzea’

Bada jendea baratzean eginahalak egiten hasi berri dena. Jende horrentzat ongi etorriko da Imindosberriko Jakobak liburu horretan dakarzkin erakutsiak. Baina baratzeko jakintsuenak ere aterako dio probetxua, 20-30 urte baratzea eginez pasatu duten bi pertsonak elkarri zer erakutsia duten bezala. Eta, atzeneko, baratzearekin kezka handirik ez duenak ere gustura leitzeko modukoa da, baita esku artean ibiltzeko hutsa bada ere, erretratu ikusgarriz eta Arzeren, Leteren, Otañoren eta beste idazlari frankoren poemaz, bertsoz eta aforismoz hornitua baitago. Solas llaburrez: emateko asko duen liburua hartu nahi duenarentzat.

Bizpahiru parte dituela esan daiteke. Batean, gauza jeneral batzuk esplikatzen ditu, eta lurra nola prestatu, zer ongarri klase ibili eta, inportanteena beharbada, lurrak nola funtzionatzen duen, aisa enten­ditzeko moduan. Beste parte batean, baratzeko landare zerrenda bat dakarki, eta hartan esplikatzen du bakoitza ze sasoitan eta nola erein edo landatu, eta beste majin bat burubide; konparazio: tipulak ez duela maite lur buztina, artoburua berdetan nola prestatu, plantako azenarioak nola erdietsi, lekak nola bildu... Sukaldean janari gustua emateko ibiltzen diren belarrez ere kontu asko esaten ditu.

Filosofia handiko liburua, holaxeko solasekin hasten da atzeko azala: «Baratzean lurra iraultzen den bezala, iraultza dakar baratzeak» Eta elkarrizketa batean esan berri duen bezala, «independentziazale bati galdera hauxe egingo nioke: zer jaten duzu eta non erosten duzu?».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun