Hauteskundeak 2015

Eskualdeko alkate gehienak erabakita daude

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 26a, 09:51

Baztanen EH Bildu da indarrik bozkatuena 1.449 botorekin eta UPNk 1.216 lortu ditu

Beran Josu Iratzoki (EH Bildu) eta Lesakan Jose Luis Etxegarai (Geroa Bai) berriz ere alkate izanen dira

Donezteben EH Bilduk gehiengo osoa eskuratu du (6 zinegotzi) eta PSNk 3

Etxalarren gehiengo osoa lortu du Miguel Mari Irigoienen Herri Taldeak

Leitzan nagusitasunez irabazi du EH Bilduk eta 9 zinegotzi izanen ditu (2 UPNk)

Urdazubin Santiago Villaresek segituko du alkate

ARANO. Ustekabean bi zerrenda aurkeztu dira Aranoko Herriko Etxerako.  Herritarrek osatutako Herri Aierriz eta UPN. Bada, Herri Aierriz taldeak 55 botu eskuratu dituen bitartean, UPNk ez du alerik ere lortu. Hortaz, bortz zinegotziak herrikoak izanen dira.

ARANTZA. Arantzan EH Bilduk bakarrik aurkeztu du hautagaitza eta hortaz, Juan Migel Almandoz izanen da alkate datozen lau urteetan. 253 boto eskuratu ditu, 93 botu baliogabeak ziren eta 29 zuriak.

ARESO. Areson, Ur Algero buru zuen Areso Eraikiz zen talde bakarra. 129 boto eskuratu ditu, 7 baliogabeak eta 12 zuriak.

BAZTAN. Baztanen, EH Bildu izan da talderik bozkatuena, duela lau urte ez bezala (orduan UPNk 1524 boto eskuratu zituen eta Bilduk 1.487). Oraingoan, 1.449 boto eskuratu ditu EH Bilduk, hortaz Joseba Otondo buru duen koalizioak 4 zinegotzi izanen ditu, UPNk 4 (1.216 boto), Geroa Baik 2 zinegotzi (618 boto), Baztango Ezkerrak 2 zinegotzi (595 boto)  eta Baztan Auzolanean taldeak zinegotzi bakarra (382 boto).

BERA. EHBilduk eskuratu ditu boturik gehien Berako Herriko Etxerako udal hauteskundetan eta gainera, gehiengo osoa eskuratu du (6 zinegotzi, 952 botorekin). Herrirako Taldeak 4 zinegotzi izanen ditu (583 boto) eta UPNk bakarra (166 boto). PP ordezkaritzarik gabe gelditu da Herriko Etxean, 32 boto bakarrik eskuratu baititu.

BERTIZARANA. Andres Etxenike buru duen EH Bildu bakarrik aurkeztu da udal hauteskundetara. 149 botu eskuratu ditu. 45 baliogabeak ziren eta 73 zuriak.

DONAMARIA. Donamarian ere zerrenda bakarra aurkeztu da, Maite Urroz buru zuen Herriarengatik. 227 boto eskuratu ditu.

DONEZTEBE. EHBildu nagusi izan da Doneztebeko udal hauteskundeetan. Xanti Uterga buru duen koalizioak 555 boza eskuratu ditu (6 zinegotzi) eta Alfredo Zugarramurdi buru zuen PSN-PSOE taldeak 266 botu (3 zinegotzi). Udal ordezkaritzarik gabe gelditu da PP (50 botu).

ETXALAR. Gehiengo osoa eskuratu du gaur egungo alkatea den Migel Mari Irigoien buru duen Herri Taldeak. 261 bozkarekin, 5 zinegotzi eskuratu ditu. Etxalar Bai taldeak Arantxa Zubieta izanen du zinegotzi bakarra (100 bozka) eta EH Bilduk ere bakarra,  Xabier Bizente (85 bozka). UPNk ez du zinegotzirik lortu (24 bozka).

GOIZUETA. EH Bilduko Unai Loiarte izanen da alkate datozen lau urteetan, berea baitzen udal hauteskundetarako zerrenda bakarra. 395 boto eskuratu ditu.

ITUREN. Iturenen gaur egungo alkate den Mari Jose Bereau izanen da alkate datozen lau urteetan ere, EH Bildurekin. 205 boto eskuratu ditu. 45 boto baliogabeak ziren eta 23 boto zuriak.

LEITZA. EH Bildu izan da jaun eta jabe Leitzako udal hauteskundeetan. 1.193 boto eskuratu ditu eta 9 zinegotzi izanen ditu, Mikel Zabaleta alkate berria buru dela. UPNk 252 boto eskuratu ditu eta 2 zinegotzi izanen ditu.

LESAKA. Lesakako udaletxerako hauteskundeetan Jose Luis Etxegarai buru duen Geroa Bai taldeak eskuratu du bozik gehienak (853). Beraz, Geroa Baik eskuratu ditu  6 hautetsi eta EH Bilduk 5 (666).

SUNBILLA. Amets Indak segituko du alkate Sunbillan. EH Bildu zen zerrenda bakarra eta 229 boto eskuratu ditu.

URDAZUBI. Santiago Villaresek segituko du alkate Urdazubin. 151 boto eskuratu ditu Azkar taldeak eta hortaz 4 zinegotzi izanen ditu. Iñigo Imaz buru zuen Urdazubi Elgarrekin taldeak 123 boto eskuratu ditu.

ZUBIETA. Bi talde aurkeztu dira Zubietako udaletxean lan egiteko prest. Ernesto Dominguez buru duen Herriko Taldea nagusitu da, 145 botu eskuratuta (6 zinegotzi). Zubietarrak taldeak zinegotzi bakarra izanen du, Mikel Telletxea zerrendaburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun