Nafarroako 4x4 sokatira txapelketan pisu arinenean ere irabaziz hasi da Beti Gazte

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 12a, 07:29

Lekunberrin jokatutako 300 kiloko lehen jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarrek

Nafarroako 4x4 sokatira txapelketan pisu arinenetako txapelketak jokatzen hasi ziren maiatzaren 9an Lekunberrin burututako lehen jardunaldiarekin. Gizonezkoen 300 kiloko kategorian Beti Gazte nagusitu zen eta emakumezkoen 235 kilokoan Berriozar.

 

Gizonezkoetan tiraldi guztiak eskuratu zituen Beti Gaztek (5 puntu); Berriozar izan zen bigarren (4 puntu); Amaiur A hirugarren (3 puntu); Amaiur B laugarren (2 puntu) eta Kaskallueta bosgarren (puntu 1).

Emakumezkoetan Berriozar nagusitu zitzaion Txantrea eta Kaskalluetari.

Gainera, kadete mailako 280 kiloko jardunaldia ere jokatu zen eta oraingoan ere Berriozar A nagusitu zen, Ultzama A, Andra Mari, Araxes, Iñigo Aritza eta Berriozar B taldeen aitzinetik.

 

Azken jardunaldia maiatzaren 16an Etxarri Aranatzen

Txapelketako azken jardunaldia maiatzaren 16an jokatuko da Etxarri Aranatzen, arratsaldeko 5etan. Gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko bigarren jardunaldiak eta kadeteen 280 kiloko laugarren jardunaldia jokatuko dira. Ondoren, kategoria bakoitzeko lehen bi sailkatuen arteko finalak jokatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun