Iñigo Arregi doneztebarrak irabazi du Ultzamako I. Duatloia

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 12a, 07:17
Erreka Triatloi Taldetik Ultzamara joan zen ordezkaritza. Emaitza bikainekin bueltatu ziren.

Errekako Santi San Miguel laugarren eta Rafa Maritxalar seigarren izan ziren

Ultzamako I. Duatloia burutu zen maiatzaren 9an eta azpimarratzekoa izan da Errekako Triatloi Taldeko kirolarien partehartzea. Iñigo Arregik garaipena lortu zuen, Santi San Miguel laugarren izan zen eta Rafa Maritxalar seigarren.

 

Proba nagusian 48 kirolari helmugaratu ziren eta horien artean, ordubete baino guttiago behar izan zuen bakarra Errekako Iñigo Arregi izan zen. 58 minutu eta 47 segundo behar izan zituen 4,7 kilometro lasterka, 21 kilometro bizikletan eta hondarreko 2,35 kilometro berriz ere lasterka egiteko. Guzman Zapateria izan zen bigarren (01:00:06) eta SakanaTriatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulatek osatu zuen podiuma (1:00:33). Podiumetik kanpo 22 segundorengatik gelditu zen Errekako Santi San Miguel doneztebarra eta seigarren izan zen talde bereko Rafa Maritxalar lesakarra (1:01:24). Biak korrika egiten ohituak daude, baina ez hainbertze bizikletan eta txirrindularitzako zatian galdu zuten denborarik gehien, baina halere bikain ibili ziren kirolari beteranoak.

Baina Errekatik Ultzamara joandako ordezkaritza zabalaren lehenbizikoak bertzerik ez ziren izan. Hamaseigarren postuan Fernando Rekalde sartu zen (1:02:44), Xabier Bañares hogeitalaugarren (1:05:30), Urko Loiarte hogeitazazpigarren (1:07:12) eta Iurgi Berrueta hogeita hamabigarren (1:11:17).

 

Goizean Nafarroako Herri Kirol Jolasetan

Goizean, Nafarroako Herri Kirol Jolasen baitan ere duatloian aritu ziren adin ezberdinetako neska-mutikoak, distantzia ttikiagoetan noski. Hor ere Errekak etorkizuna baduela ikusi zen, aurrebenjamin mailan Joritz Barberena Meokik eta Aitor Mata Rekaldek proba akitzea lortu baitzuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun