Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan hiru partida irabazi dizkio Doneztebek Berari

Ttipi-Ttapa 2015ko mai. 11a, 11:18
Kimu mailako pilotariak, partida hasi aitzinetik: Villamea eta Pagola, Saldias eta Zubizarretaren kontra.

Berak keja egin du Federazioan, herritar bakar bat ere gabe aritu delako Doneztebe

Nafarroako Herriarteko pilota txapelketa “derbiarekin” hasi da aurten, Bera eta Doneztebe izan baitira aurrez aurre lehen jardunaldian. Polemikarekin ere hasi da, ortziralean Eztegaran jokatutako partiden ondotik, keja azaldu baitio Berak Nafarroako Pilota Federazioari, Doneztebek ez zeukalako herritar bakarrik ere zortzi pilotarien artean. «Hau ez da Herriartekoa» diote Beratik.

Kirol arloari dagokionez, gazte mailako partida Lesakan jokatu zuten maiatzaren 5ean, larunbatean Espainiako txapelketa jokatu beharra zuelako Donezteberen izenean ari den Bakaikoak. Honekin ere ez zegoen konforme Bera eta «ordezkoak zertarako dauden» galdetzen zuten. Asteartean Lesakan jokatutako partidan, Berako Andoni Lazkanotegik eta Iñigo Martinezek 22 eta 10 irabazi zieten Doneztebeko Bakaikoa eta Medinari.

Eztegaran ortziralean jokatutako partidetan, kimu mailan Berako Unax Villamea eta Jon Pagolak 13 eta 18 galdu zuten Doneztebeko Ruben Saldias eta Beñat Zubizarretaren kontra. Haurrak mailan, Berako Mikel Eltzaurdia eta Asier Telletxeak 5 eta 18 galdu zuten Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Gaizka Agirreren kontra eta senior mailan, Berako Beñat Mitxelena eta Garbisuk 13 eta 22 galdu zuten Doneztebeko Xabi Jaunarena eta Jon Gorritiren kontra.

Berako ordezkariek Nafarroako Pilota Federazioari egindako kejaren arabera, «pilotari batzuk bederen herrikoak izan beharko lukete eta denak ez du balio taldea hobetzeko». Alde horretatik, Zubizarreta ataundarra Herriartekoan aritu ahal izateko Donezteben erroldatu dutela ere salatu dute.

 

Bigarren jardunaldia Iruña eta Bera artean asteartean

Bigarren jardunaldia Iruñaren kontra jokatuko du Berak maiatzaren 12an, asteartean Iruñean, ortziralean Beran Berria txapelketako partidak jokatuko dituztelako Amurrioren kontra.

Astearteko Herriarteko txapelketako jardunaldian berriz ere Berako zortzi pilotari aurkeztuko ditu Berak, Jon Olaizola lesakarra eskuetatik juxtuan dabilelako. Honela, kimu mailan, Villamea eta Pagola ariko dira, haurretan Eltzaurdia eta Telletxea, gazte mailan Errandonea eta atzelari ari beharko duen Lazkanotegi eta helduetan, Mitxelena eta Martinez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun