Halere, gazte mailako partida Lesakan jokatu zuten maiatzaren 5ean, larunbatean Espainiako txapelketa jokatu beharra duelako Donezteberen izenean ari den Bakaikoak. Asteartean Lesakan jokatutako partidan, Berako Andoni Lazkanotegik eta Iñigo Martinezek 22 eta 10 irabazi zieten Doneztebeko Bakaikoa eta Medinari. Lazkanotegik eskutik juxtu xamar dabilen Ander Errandonea ordezkatu zuen, eta tantu ederrak lortu zituen, gibelean Martinezek Medina dominatu zuela aprobetxatuz.
Ortziralean, 7etan Eztegaran jokatuko diren partidei dagokienez, kimu mailan Berako Unax Villamea eta Jon Pagola, Doneztebeko Ruben Saldias eta Beñat Zubizarretaren kontra ariko dira. Haurrak mailan, Berako Mikel Eltzaurdia eta Asier Telletxea, Doneztebeko Enaitz Telletxea eta Gaizka Agirreren kontra eta senior mailan, Berako Beñat Mitxelena eta Jon Olaizola, Doneztebeko Xabi Jaunarena eta Jon Gorritiren kontra.
Bera eta Donezteberekin batera, Burlata, Lizarra eta Iruña ari dira Nafarroako Herrietako txapelketako lehen mailako kategorian. Bortz jardunaldi jokatuko dituzte eta sailkapeneko lehenbizikoak laugarrenaren kontra eta bigarrenak hirugarrenaren kontra jokatuko dituzte finalerdiak.
Bera da gaur egun Nafarroako eta Euskal Herriko herriarteko txapelduna.
Aspaldiko partez Goizueta bigarren mailakoan
Hainbat urtez txapeldun izan zen Goizueta Nafarroako Herriarteko pilota txapelketan, baina aspaldiko urteetan ez zuen parte hartu. Aurten, ordea, bigarren mailan lehiatuko da eta lehenbiziko jardunaldia maiatzaren 9an, larunbat arratsaldeko 5etan jokatuko dute Atarrabiaren kontra Goizuetako pilotalekuan.