Euskara batzordeen ordezkariek talde guztiei eskatu diete bilera, PP izan ezik, gerora jakin baitu Bortzirietan taldea aurkeztekoa zutela. Guztira, beraz, 6 udal talde edo alderdiei luzatu diete biltzeko gonbitea: eskualde mailan ordezkaritza izanen duten EH Bilduri, Geroa Bairi eta UPNri eta bertzetik 3 talde independienteri: Etxalarko Herri Taldeari eta Etxalar Bairi eta Berako Herrirako taldeari.
6 alderdiotatik hirurek eman dute bilera egiteko baietza: EH Bilduk, Etxalarko Herri Taldeak eta Berako Herrirako taldeak eta gainerakoek ez dute oraindik erantzunik eman. Apirilaren erdialdera bildu zen euskara batzordeen ordezkaritza bat alderdi bakoitzarekin, euskararen aldeko konpromisoa har dezaten gomendatzeko, eta era berean, ados egonez gero konpromisoen akordioa sinatu dezaten eskatzeko.
Euskara batzordeetako ordezkaritzarekin bildutako 3 taldeetatik bik sinatu dute akordioa bere osotasunean (EH Bilduk, eskualde osoaren izenean, eta Etxalarko Herri Taldeak) eta Berako Herrirako taldeak klasula bat gehituta sinatu du. 3.puntuak jasotzen duena ez dutenez betetzen bere osotasunean (hautetsi guztiak ez dira euskaldunak, gehienak bai ordea, tartean, zerrendako lehenbiziko 2 hautagaiak). Klausula horretan bildu nahi izan dute azalpen hori, testuarekin erabat ados daudela gaineratuz.
Bortzirietako euskara batzordeek alderdi politikoei egiten dieten akordio proposamenak 5 puntu jasotzen ditu:
1. Gure herria berezia da hizkuntzaren ikuspegitik, herritarren gehiengoak daki euskaraz. Hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititu da eta nagusiki euskaraz bizi gara. Gure herriak euskararen arnasguneak dira. Azken hamarkada hauetan normalizazio prozesua abian dago, eta beharrezkoa da ondoko urteetan ere prozesu horri jarraipena ematea, eta ahal dela indartzea.
2. Udalerri euskaldunak garrantzizkoak izan dira euskararen biziraupenerako, eta aparteko funtzioa joka dezakete hizkuntzaren normalizaziorako. Gure herritik ekarpen emankorra egin genezake bide horretan, baina horretarako, beharrezkoa da hainbat sentsibilitatetako herritar eta eragileen arteko elkarlana.
3. Azken urteotan udal eta mankomunitate barruko euskararen erabileran aitzinera pausu nabarmenak eman dira, UEMAren bitartez abian diren erabilera planei esker. Plan horiek segida izan dezaten eta, horrez gain, herritar guztien hizkuntza eskubideak bete daitezen udal hautetsi guztiak euskal hiztunak izatea beharrezkoa da.
4. Administrazio publikoak eredu izan behar du euskarari dagokionean ere, eta hortaz, udalean euskaraz funtzionatuko dugu, abian diren erabilera planei segida emanez.
5. Bertze udalerri euskaldunekin elkarlanean arituko gara, gurea bezalako herriek behar duten babesa eta trataera berezia artikulatzeko.