Mariano Izeta eta Maurizio Elizalde gogoan Baztango dantzak eskainiko dituzte igandean Berroetan

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 30a, 11:45

Lan handia egin zuten Mariano Izetak eta Maurizio Elizaldek Baztango ondarearen alde. Argazkian, biak ageri dira Arizkungo Elkartasuna taldeko dantzariekin. Ezkerritik hasita lehenak dira, zutik Mariano eta kokoriko Maurizio.

Bi baztandarrak omendu nahi ditu Jo ala Jo Kultur Taldeak beraien jaiotzaren mendeurrenean

Mariano eta Maurizio oroituz izenburupean Baztango dantzak eta bertze zenbait ekitaldi antolatu ditu Jo ala Jo Kultur Taldeak maiatzaren 3rako Berroetan. Igande goizeko 11:30ean argi soinuak joko dituzte. Eguerdian, Mariano eta Maurizio oroitzea ekitaldia eginen dute eta ondotik dantzak denendako.

Jaiotzaren mendeurrena

Jo ala Jo Kultur taldeak dioenez, «gure kultur oinordetzan haundi izan diren Maurizio Elizalde eta Mariano Izeta oroitzeko» bilduko dira igandean Berroetan: «Biek Baztango folkloreari ekarpen aberasgarria egin diote, neurri haundi batean hauen jarraipena bermatuz». Aurten 100 urte bete dira sortu zirenetik (1915eko uztailaren 14an jaio zen Mariano Izeta eta urte bereko irailaren 21ean Maurizio Elizalde) «eta horregatik ekarriko ditugu gogorat».

Jo ala Jo taldekoen erranetan, «baztandar guztion ardura da lan honi segida ematea, gure dantzak bizitzea, disfrutatzea eta haiek egin zuten bezala ilusioz bustitzea. Gure kulturak herrietan arnasa har dezan dantza gaitezen guztiok!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun