Gizonezkoen 320 kiloko bigarren jardunaldiko ligaxkan ustekabean Amaiur Ck irabazi zituen tiraldi guztiak, 7 puntu eskuratuz (lehen jardunaldian bosgarren izan zen). Berriozar bigarren izan zen, Beti Gazte hirugarren, Txantrea laugarren, Amaiur A bosgarren, Amaiur B seigarren eta Kaskallueta zazpigarren. Honela bi jardunaldien puntuen batura egin ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finala jokatu zen. Berriozarrek 13 puntu eta Beti Gaztek 11 puntu zituztenez, beraiek jokatu zuten finala. Amaiur C hirugarren gelditu zen, 10 punturekin, nahiz bigarren jardunaldiko tiraldi guztiak irabazi. Beti Gazte eta Berriozarren arteko norgehiagokan lesakarrak nagusitu ziren.
Emakumezkoetan, Berriozar nagusitu zitzaion Txantreari. Hirugarren Kaskallueta izan zen. Kadeteen 280 kiloko kategoriako bigarren jardunaldian, Ultzama A nagusitu zen, Andra Mari, Berriozar A, Berriozar B, Araxes, Iñigo Aritza eta Ultzama Bren aitzinetik.
Orain pisu arinagoan
Behin lehen txapelak erabakita, orain gizonezkoen 300 kiloko eta emakumezkoen 235 kiloko kategorietako txapelak jarriko dira jokuan. Gizonezkoetan Amaiurrek bi laukote aurkeztuko ditu eta gainerako taldeak berdinak izanen dira, emakumezkoetan bezalaxe. Lehen jardunaldia maiatzaren 9an jokatuko dute Lekunberrin eta bigarren jardunaldia maiatzaren 16an Etxarri Aranatzen.