Xanti Utergak eta Endika Urrutiak lortua dute Iruñeko erremonte txapelketako finalerako txartela, ligaxkako finalerdietan jokatu dituzten bi partidak irabazi baitituzte. Orain, finalean beraien kontra ariko den bikotea zein izanen den erabakitzea ere beraien esku izanen dute.
Apirilaren 17an Labriten jokatuko den ligaxkako azken partidan, Doneztebekoak eta Saldiaskoak Zeberio II eta Etxeberria III izanen dituzte arerio. Hauek eta Ezkurra II eta Barrenetxea IV.ak badituzte oraindik finalerako sailkatzeko aukerarik. Zeberiok eta Etxeberriak partida irabaztea aski izanen dute, baina ez dute erraza izanen, noski. Ezkurra II eta Barrenetxeak, berriz, Utergak eta Endikak irabaztea behar dute finalean sartzeko. Kontuan hartu behar da ligaxka honetan 16 tantutan gelditu zirela Uterga eta Endikaren kontra eta horrek, gauzak arras zail uzten dizkie hiru bikote bina garaipenekin berdinduak geldituko balira.
Ortziralean 18:30ean hasiko den Labriteko jaialdia, Nafarroako Pilota Federazioak antolatutako eskuz binakako partida batekin abiatuko da: Arbizu eta Martika, Iriarte eta Medinaren kontra.