Arantzan eta Beintza-Labaienen eginen dituzte aurten ere Euskaraz Blai Udalekuak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko apirilaren 10a

Mikel Albisu, Xabier Zugarramurdi eta Izaskun Altzuri, udalekuen aurkezpenean.

Matrikulatzeko epea maiatzaren 8ra arte zabalik dago

Euskaraz Blai 2015 Udalekuak kanpainaren aurkezpena egin zuten apirilaren 9an Baztan-Bidasoa Turismoa/Hiruak-Bat elkartearen egoi­tzan (Bertiz Landa Turismo Zentroan). Proiektuak 15. edizioa beteko du eta azkeneko 4 urteetan, Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe, Arantzako Aterpek eta Beintzako Orbela aterpetxeek antolatzen dute bere aldetik. 

Euskaraz Blai 2015 Udalekuak kanpainaren aurkezpena egin zuten apirilaren 9an Baztan-Bidasoa Turismoa/Hiruak-Bat elkartearen egoi­tzan (Bertiz Landa Turismo Zentroan). Proiektuak 15. edizioa beteko du eta azkeneko 4 urteetan, Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe, Arantzako Aterpek eta Beintzako Orbela aterpetxeek antolatzen dute bere aldetik.

Mikel Albisuk, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoaren izenean, bere bazkideen proiektuak ezagutzera emateko konpromisoa azaldu zuen, egitasmo hauek Baztan-Bidasoa Euskal Herriko gazte eta familien artean ezagutarazten laguntzen dutelako, eta turismorako bultzada handia suposatzen dutelako. «Lehen Bertiz Partzuergotik egiten zen moduan, orain Baztan-Bidasoa Turismotik eginen dugu», azaldu zuen Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoko lehendakariak.

Xabier Zugarramurdik, Arantzako Aterpeko arduradunak, proiektuaren ezaugarri nagusiak azaldu ditu: udan zehar, astebeteko 10 txanda eskaintzen dira, denetara 800 plaza, bi aterpetxeetan banaturik. Helburu nagusia gaztetxoen artean euskararen erabilpena bul­tzatzea da, «gazte askok euskara eskolarekin identifikatzen dutelako, ez egunerokoan komunikatzeko hizkun­tza». Horretarako jolasak, kobazuloko bisita, bainu freskagarria bezelako natur jarduerak… aisialdirako egitarau osatua prestatu dute, igandetik larunbatera gara­tzen dena. «Nekazaritza bizimoduari ere garran­tzia eman diogu, egun batean baserri batean bisita egin eta gero hau­rrek bere otordua pres­tatzen dute».

Izaskun Altzuri sunbildarrak, udalekuetako zuzendariak, aurtengo berrikuntza azpima­rratu du: txandak egiterakoan hezkuntza eredua ez da irizpide nagusia izanen (A, B edo D), gazteak euskararekin duen harremana baizik. Hala, ez da A eredu hutsezko txandarik antolatuko. Bertze be­rrikuntza matrikulazioa internetez egiteko aukera da, www.euskarazblaiudalekuak.com web guneraren bidez. Bertan informazio osatua aurkituko da.

Matrikulatzeko epea zabalik dago maiatzaren 8a bitartean. Informazio gehiago (09:30etik 13:30era): 622 728 984 telefonoa.

 

Erlazionatuak

Xabier Zugarramurdi-Euskaraz Blai

Xorroxin irratia 2015 api 10 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun