Baztan, Bidasoa eta Xaretako Aisialdia eta Gastronomia Gida argitara eman berri du Ttipi-Ttapak. Bertan, inguru honetako 60 bat jatetxe, ostatu, komertzio eta aisialdirako enpresen eskaintzaren berri ematen da 40 orrialdetan, bakoitzak eskaintzen dituen berezitasunak eta zerbitzuak azalduz hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Modu berean, herrika antolatua dagoenez, herri horrek eskaintzen dituen zerbitzuen berri ere ematen du, hala nola, frontoia, igerilekua, supermerkatua, gasolindegia, autobus zerbitzua, lo egiteko tokia, turismo bulegoa, osasun etxea edo farmaziarik baden jakinaraziz. Baztan-Bidasoaldeko mapa bat ere badu.
6.000 ale argitaratu dira, turistak ibiltzen diren tokietan banatu direnak, jendeak har dezan eta bazkaltzeko edo afaltzeko plana egiten lagungarri izateko. Era berean, jatetxe-ostatu bakoitzean ere utzi dira ale batzuk bezeroen artean banatzeko.