Haur eta Gaztetxo kantarien jaialdia eginen dute martxoaren 21ean Elizondon

TTIPI-TTAPA 2015ko mar. 18a, 09:00

Tantitumairu ikastolako talde honek Lakuntzak kantatu zuen joan den larunbatean. Utzitako argazkia

Joan den larunbatean abiatu zen Lakuntzan eta Lesakako Tantirumairu ikastolakoak ere han izan ziren kantari

 

Larunbat honetan, martxoaren 21ean, Elizondoko Lur aretoan eta arratsaldeko 6:30ean, Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien jaialdia izanen da. Ekitaldi hau, urriaren 18an Baztanen ospatuko den Nafarroa Oinezen harira urtean zehar antolaturiko egitarauaren barne dago.

Larunbat honetan, martxoaren 21ean, Elizondoko Lur aretoan eta arratsaldeko 6:30ean, Nafarroako Haur eta Gaztetxo Kantarien jaialdia izanen da. Ekitaldi hau, urriaren 18an Baztanen ospatuko den Nafarroa Oinezen harira urtean zehar antolaturiko egitarauaren barne dago.

Martxoaren 14an, Lakuntzan izandako jaialdi arrakastatsuarekin abiatu zen aurtengo edizioa. Eskualdeko kantari gehienak larunbat honetan Elizondon ariko badira ere, Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasle talde batek Lakuntzan kantatu zuen, honela Korrika herritik pasatzen den egunerako libre izateko. Imanol Urbietaren Behin betiko kantatu zuten Amaiur Martinez, Laida Taberna, Beñat Etxepare, Katixa Madariaga, Beñat Zelaieta eta Ainitze Martinezek.

Asteburu honetan, bigarren geldialdia izanen da Elizondon. Hurrengo jaialdiak, martxoaren 28 eta 29an, Orkoien eta Berriozarren izanen dira hurrenez hurren. Saio nagusia, berriz, Burlatan izanen da maiatzean.

Urte anitz dira Euskal Kantuzaleen Elkarteak, euskara eta kantagintza lotuz, haur eta gaztetxoei begirako jaialdiak antolatzen dituela. Hasmentan lehiaketak baziren ere, hondar urteotan lehia kutsua kendu zaie. Amaia Domingezek, Tafallako Ikastolako musika irakasleak, koordinatzen ditu.

 

Oinez kantari jaialdia larunbatean

Nafarroa Oinezen edizioa ospatzen den herrian jaialdietako bat antolatzen da urtero. Baztanen dugu aurtengo Oinez eta prestaketa lanetan ilusioz ari diren honetan, kontent hartuko dute haur eta gaztetxo kantarien jaialdia.

Guztira, hamabortz kanta entzuteko aukera izanen da Lur aretoko emanaldian. Aspaldiko kantak, sormenezkoak, gaurgaurkoak… bertsioak nola euskarara egokituak… denetarik entzungai izanen da larunbateko jaialdian. Baztan Ikastola, Elizondoko Eskola Publikoa, Baztango Musika Eskola, Goizueta, Sunbilla, Ituren, Azpilkueta eta Eugiko ordezkariak izanen dira bertan.

 

Baztan Ikastolaren parte hartzea urtero

Baztan Ikastolak betidanik parte hartu du ekimen honetan. Euskara eta Euskal kulturaren aldeko bidean, euskal kantagintzak ere lekua izaten du gurean. Mari Karmen Goñi andereñoak urte aunitzez prestatu izan zituen haur talde, bikote zein bakarlariak; batzuetan, Asun Iturria, Ikastolako ama izandakoaren laguntzarekin.

Ondotik, gaur egun Ikastolako musika irakaslea den Maria Mendiburuk hartu zuen lekukoa eta azkeneko zortzi urteotan, 6. mailako ikasleekin taldetxoa osatu eta parte hartzen dute.

Eskolaz kanpoko jarduera bat izaki, parte hartzea borondatezkoa da. Kantua irakasle eta ikasleen artean aukeratzen da eta prestaketa atsedenaldi eta asteburuetan egiten da: kanta landu, koreografia pentsatu eta prestatu, arropa hautatu… Musikariak lagun, jaialdian zuzeneko musika izaten da beti, gure haurrak egiazko kantari sentituz.

Aurten, 6. mailako ikasle guztiak animatu dira parte hartzera. Motorrak berotzen izeneko kantu ederra taularatuko dute.

Kantaren melodia Iñigo Beltzunegi Iturria (“Iturria”) elizondoar musikariak sortua da, eta hitzak berriz, Jon Barberena bertsolariarenak dira. Jaialdian adituko dugun kantu hori Iturriak DJ Nashekin batera bereziki egindako moldaketa bat da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun