Ezpeletako (Lapurdi) Merkatu Plazan jokatuko ziren martxoaren 7an Euskadiko sokatira txapelketako emakumezkoen 375 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta gizonezkoen aurtengo 560 kiloko txapelketa, saio bakarrean. Gizonezkoetan Ñapurrak eta emakumezkoetan Ibarra izan ziren txapeldun.
Gizonezkoen 560 kilotan, Ibarra gipuzkoarra, Ñapurrak lapurtarra eta Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea nafarrak aritu ziren. 600 kiloko txapelketan bezalaxe, Ñapurrak suertatu zen txapeldun eta Ibarra azpitxapeldun. Lesakako Beti Gazte, berriz, 600 kilokoan laugarren izan ondotik, pisurik arinenean podiumean sartzea lortu zuen, hirugarren postua eskuratuz, Berriozar eta Txantrearen aitzinetik.
Emakumezkoen lehian, larunbatean Gaztedi nagusitu zitzaion Ibarrari, baina aitzineko bi saioetan gipuzkoarrek irabazi zieten arabarrei eta hortaz, Ibarrak lortu zuen txapelka (11 puntu), Gaztedi bigarren izan zen (10 puntu), Badaiotz hirugarren (6 puntu) eta Berriozar laugarren (3 puntu).